Ohar baten bitartez, Donostiako EH Bilduk gogor salatu du Udal Gobernuko kideek Londresko turismo feria batean Kultur Hiriburua aurkezten zuten bitartean Groseko Kortxoenea gaztetxea bota izana.
Gaztetxeko kideekin elkarrizketetan ari ziren bitartean eta haiei ezer esan gabe eraikina botatzeko agindua eman izana eta hura «bortizkeria handiz» hustu izana txarretsi du koalizio abertzaleak.
«Arduradun instituzional nagusiak ezkutatu egin dira Londresen, Donostia 2016ren hango aurkezpena aprobetxatu dute-eta Kortxoenea botatzeko», esan du EH Bilduk, horren atzean dagoen «koldarkeria politiko nabarmena» kritikatu.
Koalizioak gogoratu duenez, Zemoria 20 zenbakiko eraikina proiektu autogestionatuetara bideratzeko proposamena egin zuen EH Bilduk, «argi dagoelako gazteek espazio bat izan behar dutela proiektu kultural eta soziala aurrera eramateko». Proposamen horri Udal Gobernuak erantzunik eman ez diola gaineratu dute.
«Kortxoenearen eraisketaren ardura Bilduren bizkar uzteko PNV eta PSOE zabaltzen ari diren gezurraren aurrean, bestalde, gauza bakarra dugu esateko: Donostiako EH Bildu Kortxoenearekin izan da gaur beste batzuek Londresetik gaztetxea botatzeko baimena ematen zuten bitartean», aldarrikatu dute.