NAIZ
DURANGO

15 urte eta gero, Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan izango da

Nafarroako Gobernua Durangoko Azokan izango da, azken 15 urteetan huts egin eta gero. Abenduaren 4tik 8ra ospatuko den ekitaldian, Nafarroak erakuslehio bat izango du eta Gobernuko ordezkaritza ere inaugurazio ekitaldian izanen da.

Durangoko Azkoa, jendez gainezka iaz. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Durangoko Azkoa, jendez gainezka iaz. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Gobernuak erakusgune bat izango du abenduaren 4tik 8ra bitartean ospatuko den 50. Durangoko Azokan, lehen aldiz azken 15 urteetan. Izan ere, Gobernu nafarrak 2000. urteko edizioan izan zuen azken aldiz erakuslehio bat Azoka, eta geroztik, ez du parte hartu.

Hutsune hori bete nahian, Gerediaga Elkarteak hainbat ‘Nafarroako argitalpenak’ izeneko erakuslehioa antolatu du, Nafarroan sortzen ziren lanak batuz. Bada, aurten, erakusleihoan egongo diren nobedade nagusiak honakoak izango dira: Javier Iturbideren ‘Cuando las cosas hablan. La historia contada por cincuenta objetos de Navarra’, Koldo Azkuneren ‘Garatea’, Matias Mugicaren ‘Con letra aguda y fina. Navarra en los textos de Julio Caro Baroja’, Pedro de Axular eta Blanca Urgellen ‘Gero’ eta hainbat egile dituen ‘Nafarroa Julio Caro Barojaren begietan’.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak ere Areto Nagusiko ‘Gogoetaren plazan’ parte hartuko du. Hitzordua abenduaren 6an izango da, 18:00ean, ‘Etxea: kultur politika eta eragiletza’ mahai inguruan, eta Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendari Dori Lopez Jurio izango da ordezkaria. Solasaldian Maialen Belokik (Zinemaldia), Xabier Monasteriok (Kafe Antzokia) eta Izaro Ieregik (Okela Sormen Lantegia) ere parte hartuko dute.

Era berean, inaugurazio ekitaldian ere, abenduaren 4ean, 19:00ean, Nafarroako Gobernuko ordezkaritza egongo da, Euskal Herriko beste erakunde publikoetako ordezkariekin batera. Halaber, Nafarroako Gobernua aurtengo edizioaren babesle publikoa ere izango da, beste hainbat euskal erakunderekin batera.

«Azken urteetan nabarmena izan da Azokan Nafarroako Gobernuaren hutsunea, Azokaren lehenengo urteetan Nafarroak Azokan parte hartu eta bere babesa eskaini zuelako», adierazi du Gerediaga Elkarteak ohar baten bidez. «50. urteurrena mugarri legez hartuta, atzera begiratzeaz gain, Azoka aurrera begira ere jarri da: hurrengo 50 urteetako historia idazten hasi gara. Azokaren etorkizunerako, beraz, ezinbestekoa da erakunde publikoen babesa eta konpromisoa, eta norabide horretan, urrats garrantzitsua da Nafarroako Gobernuak Azokan parte hartzeko eta Azoka babesteko hartu duen erabakia», adierazi dute.