24 orduko baraualdia abiatu dute EH Bildu koalizioaren 250 bat hautetsik. Bilbon, La Casilla pabilioian izango dira bihar artean euskal presoen aurka ezarritako salbuespen neurriak salatzeko. Espetxe politika egungo egoerara egokitzeko eskaria egin dute koalizio abertzaleko kideek eta euskal presoen Euskal Herriratzea galdegin dute.
Bildutakoen izenean Onintza Enbeitak euskaraz eta Pello Urizarrek gazteleraz egungo espetxe politika salatu dute. Egoera larrienean direnen kasuak salatu dituzte, larriki gaixo diren 12 presoena eta 70 urtetik gorakoena, baita ia preso denak Euskal Herritik ehunka kilometrora direla ere. Estatuak mendekua nahi duela salatu dute eta ezin dela espero Madrilek politika aldatuko duenik.
Horregatik, koalizioak aurkezturiko ‘Bakerako Euskal Bidea’ proposamena aipatuz EH Bilduk hartu dituen konpromisoak aipatu dituzte bi bozeramaileek. Bizikidetza normalizatua lortzeko ezinbestekoa dela euskal presoak Euskal Herrira ekartzea adierazi dute, «ez dago normalizazio posiblerik arrazoi politikoengatik askatasunik gabeko euskal herritarrik dagoen bitartean», independentisten ustez. Bestalde, legea egungo errealitatera egokitzeko eskaria egin dute, salbuespeneko aplikazioa bazter utzi eta eskubideen errespetuan oinarritzea galdeginez. Dispertsioaren amaiera, zigorraren zati gehiena bete dutenen baldintzapeko askatasuna eta gainontzeko presoentzat baldintzapeko askatasun aurreraturako programa baten aplikazioa eskatu dituzte.
Arratsaldean giza katea eg¡n dute La Casillatik bertatik baraualdiaren baitan presoen eskubideen aldeko aldarrikapena zabaltzeko.