NAIZ

Goierrin abiatu dute eskualdeko galdeketa egiteko bidea

«Erabakitzen hasi beharra» nabarmendu zuen Gure Esku Dagok atzo Gasteizen egin zuen ezohiko batzarrean eta bide horri heldu diotela iragarri dute azken hilabeteotan Dima eta Ispaster herriek eta Goierri eskualdeak. Azken honetatik batzar irekia deitu dute hurrengo astebururako bide hori zehazten hasteko. Ikasturte honetan eskualdeko galdeketa egin nahi dute.

Erabakitzeko eskubidea gauza dadin bitartekari gisa aurkeztu du Gure Esku Dagok bere burua, herriz herriko adierazpenen bidez lehenbizi eta Erabakitzeko Itunarekin gero. Atzo Gasteizen egindako ezohiko batzarrean azpimarratu zuen dinamika herritarrak «behin-betiko erronkari» heldu diotela. Bide horretan, nahikoa adostasun lortzeko aukera dagoen eremuetan lehen galdeketak sustatu ditu eta horren adibide dira Dima eta Ispaster bizkaitarrak eta Gipuzkoako Goierri eskualdea. Azken honek bideo baten bidez eskualdeko galdeketa antolatzeko prozesuan parte hartzeko deialdi irekia egin du.

Datorren larunbatean, hilaren 28an, izango da batzarra Lazkaon. «Unea iritsi da. Pausoa ematera goaz!» diote goierritarrek bideoan 2007an Nazioen Mundua sortu zutenetik gaurdainoko bidea gogoratuz.

‘Gazta zati bat’ filman jasotzen den ibilbide oparoa aipatu ostean, «normalena erabakitzea» dela ikasi dutela diote, Eskozia eta Katalunia aipatuz, eta herri galdeketa bat «elkarrekin jarduteko beste modu bat» dela. Orain, euren buruari erronka jarri diotela nabarmendu dute eta galdeketari bide emateko goierritar guztien parte hartzea beharrezkoa dela.

Gure Esku Dagok eremu bakoitzean erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak sustatuko ditu ikasturte honetan, ekainaren 12an aurkeztu asmo dituzte. Nahikoa adostasun lortzen duten eremutan galdeketei bide emango diote. Dinamika horrek guztiak Erabakitzeko ituna du xede, epe motzean erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko duen itun zabala.