Zenbakizaleak gara; zenbat eta borobilagoak izan, orduan eta zaleago. Hor daude: 20ak, 30ak, 40ak eta jakina, 50ak. Krisi existentziala dakarren kopurua ei da azken hau. Baina norbaitek ezagutzen du krisirik pasatu (edo pasatuko) ez duen izakirik? Nik beti izaten dut akorduan Mafaldak zioskuna: bizirik egotea da adinik onena. Baina, bai, erraza zait esatea, ni oraindik, ez bainaiz mugarri horretara heldu. Durangoko azokari, ordea, ondo baino hobeto datozkio Mafaldaren berbok: bizirik egotea baita adinik onena.
1965ean sortu zen azoka Durango herrian, munduko beste txokoetako diktaduretatik inbidiatzerik ez zuen diktadurapean. Hamar urte gorri falta zitzaizkion Francori hiltzeko. Gerra eremuan jaiotako kumea da, beraz, azoka. Nork esan behar zuen duela 50 urte Andra Mariko aterpe hotzean sortutako hark iraungo zuenik? Batzuen aburuz, desegoeran sortu izana da miraria; nik, berriz, miraria iraun izana dela esango nuke. Normalean hotz, kokagune ezberdinak izan ditu 2003an azpiegitura egonkorrera pasatu zen arte, hor jauzia egin zuen. Azoka nazionala da. Badakit badela zuri edo beltzean pentsatzen duen joera bat, hots, 1965ean Durangon sortu izan ez balitz egun ez legokeela ezertxo ere ez pentsatzen duena. Tira. Nik zientzia fikzio apur bat egingo dut, izan ere, artikulu honetarako hizpideak ukroniarako bideak zabalik uzten ditu; oso abiapuntu erakargarria, bestetik.
1965. urtea ere korapilatsua izan zen. Diktadurapean euskarak irtenbide gutxi zuen. Boteretik hizkuntza (inguruko hizkuntza oro ere bai) itotzeko ahaleginak hamaika ziren (nahiz eta euskararen ito nahia lehenagotik datorren). Baina hamarkada hartan ikastolen berpizkundea gertatu zen; 1957an sortu zen Bilbon eta 1969an, Baionan. Tartean, Iruñean eta Gasteizen, 1963an. Ez Dok Amairu mugimenduak lehen urratsak emanak zituen, eta oro har, euskal kulturaren zelanbaiteko berpizkundea gertatu zen. Beraz, datu hauek eskuetan, nork esan lezake Durangoko azoka existitu izan ez balitz ez legokeela antzekorik? Demagun, Durangon barik, Bermeoko euskaltzale talde batek isilean egindako batzarren ostean euskal kulturari erakusleiho (erakusbentana, Sarrionandiak dioen bezala) bat ematea erabakitzen duela, isil-gordean. Demagun Santa Eufemia elizan abadeak ezkutuan lagatako areto txiki batean lehenengo liburu eta disko azoka sortzen dutela. Bermeon. 19 argitaletxek hartu zuten parte lehenengo Durangoko azokan, eta seguruen Bermeokoan ere egongo ziren. Demagun azokarik ez zela egon. Azken berrogeita hamar urteok eman ditugula erakusleiho barik. Franco hil ostean EAE eta Nafarroa erkidego bereizi bihurtzen direla. Artean ikastolak legeztatzen dira, beraz, euskaldun belaunaldi bat sortzen da. Horien artean musika edo literatura zaletasunik duenik ez zen sortuko? Are gehiago, demagun diktadurak debekatu egiten duela Durangoko azoka. Debekuak dakarren erantzunaren aurrean, ez duzu uste azoka bat ez, sorta bat sortuko zela? Esan nahi dudana da 1965ean, eta ondorengo urteetan ere, ernalketarako nahikoa kimu bazegoela, egon, euskaraz egiten zenari bide egiteko, erakustoki bat zabaltzeko. Eta modu batera edo bestera bilatuko zuela bere bidea.
Beharbada, 50 urte igarota, osterantzekoa da pentsatu beharko genukeena, alegia, zein etorkizun duen Durangoko azokak. Norabide berririk behar al du? Gizon-emakume ekimentsurik ote legoke horrelako (edo bestelako) kultur ekitaldi bizi eta anbiziosoari ekiteko? Paradigma berrietan sartuko ote da azoka?