Abenduaren erdialdea, azoka amaitu da eta...
Landako guneko ateak gurutzatu eta Durangoko Azoka begien aurrean daukazu. Azken edizioetan ez da ezer aldatu. Itxura berbera izaten jarraitzen du. Irudikatu duzu inoiz azoka hutsik, baina ez zaizu sekula bururatu antolaketa lanak noraino heltzen diren.
Egin ariketa bat denboran eta aurreratu apur bat ordulariaren orratzak. Egun gutxi batzuk baino ez. Jar zaitez abenduaren erdialdean, esaterako. Azoka amaitu berri den egunetan. Ordurako oroitzapen bat baino ez da izango egun batzuk lehenago amaitu den urteroko hitzordua. Ziur Gabonetako oporrei begira zaudela, haurrentzako opariak, baserritar jantzia, lagunekin egingo duzun oporraldi mugatua, turroia, desatseginak zaizkizun familiarteko topaketa horiek... Abenduaren erdialdean burua zertan izango ote duzun ezin zehazki asmatu, ezin aurreikusi, baina ziur ez duzula pentsatuko hurrengo urteko Durangoko Azoka zertan den. Urrunegi daukazu oraindik, pasatu berri den edizio biribilaren biharamunak gogobete baitu dagoeneko kultur egarri etereo hori. Ez dakizuna da pentsamendua jarri duzun denbora horretan baten batek hurrengo urterako makineria abiatu duela dagoeneko eta Gabonetako masa digeriezina prestakizun lanekin nahasten hasia zaiola.
Abendua - Urtarrila
Amaitu da aurtengo Azoka eta balantzeetan sartzeko garaia da. Bulegoa batu beharra dago, hitzordurako langileen erdiak mobilizatzen baitira lanerako. Bost egunez atenditzeko astirik izan ez duten aferei heltzen diete langileetako askok: erantzun gabeko e-mailak, egiteke geratu diren lanen berrartzea...
Azokak bere azken edizioan emandakoa klasifikatzea ere egokituko zaie Gerediagako beharginei. Nobedade izan den produktu bakoitzeko bi ale jasotzen ditu eta sailkatu egiten da materiala.
Diru kontuetan sartzea ere ezinbestekoa da. Edizioa amaitu berritan zorrak enpaztu behar dira. Fakturak jaso, ordainketak egin, kontabilitatea itxi –edizioaren gastuak eta sarrerak guztiz zehaztuz–.
Azokaren azken egunean egin ohi dute argitaletxe, diskoetxe eta arduradunek berek edizioaren lehen balorazioa, baina sakoneko balantzea egun batzuk geroago egiten da, ateak itxita. Langileengandik, komunikazio taldetik, koordinazio mahaitik eta parte hartzaile eta bisitariengandik jasotako ondorioak biltzen dira eta txosten batean batzen. Zuzendaritzan urtarril amaiera aldera aurkezten da eta bertan oinarrituta bere balorazioa ere egiten du.
Otsaila
Balorazio eta balantze guztiak itxita, aurrekontuei begiratua emateko garaia heldu da Gerediagara. 2015eko edizioan 750.000 euroko aurrekontua izango du. Horietatik 410.000, erakunde publikoetatik jasotakoak. Erakustokien alokairua (225.000), babesleak (99.000) eta publizitatea (16.000) dira gainerako diru sarrerak.
Gastu nagusiak, ostera, Azokaren muntaketak jasotzen ditu (187.000), komunikazio (176.000), arlo tekniko (124.000) eta pertsonalarekin (112.000) batera. Gainerako gastuak egitaraua (87.000), alokairuak (31.000), antolaketa (18.000) eta kanpoko zerbitzuak (13.000) dira.
Urtarrila amaitu aurretik diru-laguntzak justifikatzen dituen txostena garatzen da eta diru-laguntza berriak eskatzeko txosten zirriborro bat egiten da balorazioetan batutakoaren arabera. Finantzaketetara bideratutako hilabetea dela esan daiteke. Izan ere, babesle pribatuekin ere orduan hasiko dira lehen kontaktuak. Beste betebeharretako bat: koordinazio mahaia batuko da.
Martxoa - Maiatza
Udaberrian Azokak definitze prozesuan jarraitzen du eta zehaztapenetan sartzen hasten da antolakuntza. Esaterako, Argizaiola nori emango zaion erabakitzen da. Aurten 50 urteko ibilbidean lehenengo indarrak batu zituzten herritarrak omentzea hautatu dute.
Horrez gain, beste xehetasun batzuk ere gorpuzten joango dira hilabete horietan: kartelaren egilea, hornitzaile garrantzitsu batzuen kontratazioa –komunikazioa, besteak beste– eta lehen aldiz martxan jarriko diren azpiproiektu berriak abiarazten dira. Aurtengoan aitzindari diren egitasmoak garai horretan jaio ziren; esaterako, boluntariotza programa, lanzadera eta Euskal Etxeak. Aitzitik, egitarautik at geratzen diren proiektuak ere zehaztuko dira. Adibidez, aurten ez da kultur gonbidaturik izan eta, dirudienez, hurrengo urteetan ere ez da aurreikusten berriro izatea.
Udaberriko beste eginbeharretako batzuk: proiektuen lan banaketa gauzatzen da; diru-laguntzak eskatzearen prozesuak jarraitzen du –publikoak zein pribatuak–; komunikazioaren ildo nagusiak aurkezten dira; koordinazio mahaiaren datak eta lanak zehazten dira –noiz zabaldu epeak, nola gauzatu ikasle eguna, guneen kokaleku aldaketak landu...–; batzarrak egiten dira kultur eragileekin, batez ere Azokan parte hartzen dutenekin, euren ekarpenak, kritikak edo dena delakoak jasotzeko; katalogoko datuak sartzen hasten dira –prozesu honek azarora arte iraungo du–.
Uztaila - Abuztua
Udan ere lanak aurrera egiten du. Azoka gero eta gertuago dago eta zehaztapenetan jarraitzea ezinbestekoa da. Halaber, iraileko izen emate prozesurako intraneta prestatzen hasten dira eta barne komunikazioa abian jartzen da aurreko urteetako parte hartzaileekin.
Iraila
Ikasturte hasierarekin motorrak are gehiago berotzen dira. Komunikazio taldea lanean hasiko da eta Azokarako estrategia osoa aurkeztuko du. Guneen izen emate prozesua zabalduko da eta lehen izen emateekin batera, lan administratiboa indartu egingo da, fakturazioa sortu eta diru-sarreren kontrola gauzatzeko. Azken batean, abenduan izango diren etorrerak kalkulatzen hasten dira dagoeneko, baita baieztapenak jasotzen ere. Ikasle eguneko izen emate prozesuari ere hasiera emango zaio. Halaber, Azokako pabilioian –Landako gunean– jarriko den publizitatea kudeatzen hasten da lantaldea.
Urria
Irailean abiatutako izen emate prozesu guztiak ixten dira urrian. Hartara, errazagoa izango da antolatzaileentzat Azokarako agenda modu egokiagoan kudeatzea. Fisikoki, Azokari moldea ematen hasiko dira; itxura hezur-mamituko da, planoak egin eta behar teknikoak zehaztuko dira.
Jendaurrean egingo den lehenengo aurkezpena ere urrian iritsiko da. Hain zuzen, urteko kartela aurkeztuko da eta boluntariotza programan parte hartzeko deialdia egingo.
Ikasle egunerako izena eman dutenekin hartu-emanetan jartzen da antolakuntza eta gauza berbera egiten du parte hartzaileekin.
Azaroa
Hilabete eskas geratzen da Azoka abiatzeko eta orain bai, azken lanei amaiera eman behar zaie. Azokan zehar erabiliko den paperezko material guztia inprentara bidaltzen da: kartelak, esku-programak, gonbidapenak... Eta azken bidalketak ere egiten dira, posta bidezkoak, batez ere.
Publizitate kanpaina abian jarriko du Azokak. Aurten, 50. urteurrena izaki, spota ere argitara eman du.
Kontratatzen den lantaldea ere dagoeneko martxan jarri eta ediziorako aurrekontua itxiko da. Azokako egunak gerturatu ahala, Landako gunean itxura aldaketa prozesua abiatuko da; muntaketa lanak hasiko dira. Gremio guztiak koordinatuko dira horretarako –muntaia, Interneta, soinua, dekorazioa, telebista...–. Ia den- dena prest egongo da hilabetea amaitzerako.
Abendua
Azoka, zer bestela? Hasiera puntura itzuli zara berriro ohartu gabe. 180 graduko bira eman duzu hamabi hilabeteko zirkuluaren baitan. Dantzari bat zara musikadun kaxa baten barruan, eta zeure buruari buelta eman diozu egutegi osoa zeharkatuz. Jarri zara berriro hasierako tokian eta oraindik Azokako biharamunaren eraginpean zaudela ohartu zara. Gabonetara begira jarri zara berriro, jakitun orduan behintzat izango dela norbait hurrengo urteko hitzorduari begira dagoeneko lanean hasia dagoena, nahiz eta berari ere turroiak, opariak eta desatseginak egiten zaizkion familiarteko topaketak ere tartean nahasiko zaizkion. Bejondeiela haiei, burua hausten dutenei.