Ariane KAMIO
DURANGO

Kultur nahia + merkatuaren legea = ekonomia sentimentala

Kultur politikaz eta kultur eragiletzaz, etxe barrukoaz, Olatz Osa eta Anjel Lertxundi. Elkar argitaletxeko arduraduna bata, idazlearen mugetan kokatutakoa bestea. Industria, ekonomia eta merkatua batetik, printzipioak, kulturaren biziraupena eta merkatu menpekotasunetik ihesa bestetik. Alderdi politikoak eta herrigintza, azken hamarkadetako hauspo bibratzaileena. Zifrak eta letrak, zenbakiak eta notak, norantz doan bideragarritasun desiratua.

Etxea. Nola bizirik jarraitu, iraun, merkatuaren legeari hertsiki jarraitu behar ote zaion, helburu ekonomikoek kultur nahien gaineko agintea behar duten, kulturaren ekoizpenak berak etekinari zenbateraino kasu egin behar dion. Euskal kulturaren etxeari zer dagokion eta nola egin behar duen. Analisian, Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduraduna eta Anjel Lertxundi idazlea. Ikuspuntu desberdin bi, baina eztabaidaren ondotik bateragarritasunaren zantzuak badituztela ondorioztatzera eramaten duten begiztapenak. Hots, merkatuaren mendekotasuna edo kultur antsietatea.

Argazki bat sorkuntzari. «Bizi eta iraun», Osaren irudiko. «Bizi aipatzen dut zorionez sorkuntza azken urteetan ikusten ari garenez bizirik dagoelako: sortzaile berriak gehitu dira eta garai batean hasi zirenek oraindik jarraitzen dute sortzen. Esan daiteke sorkuntza indartsu dagoela, osasuntsu dagoela. Herri ekimenetik ekiteko daukagun gaitasun hori ere bizirik dago, kulturgintza dagoen lekura iritsi bada herrigintzatik egin denagatik izan da neurri handi batean». Bizirik, baina era berean irauten. «Liburugintza ezagutzen dut gehiago eta hor azken urte luzeetan ekoizten dugun kopurua ez da gehitzen ari, alderantziz esango nuke, azken bizpahiru urteetan jaisten, batez ere tirada aldetik, liburu kopia kopurua da jaisten ari dena. Iristen ari gara kopuru batzuetara non liburuaren ekoizpena bideragarri egitea gero eta zailago egiten ari den».

Zifra batzuk ematearren. 260 argitaletxe baldin badaude, 150 dira urtean titulu bat edo bi egiten dituztenak bakarrik. Urtean 20 titulu inguru argitaratzen dituztenak 20 baino gutxiago. 20tik gora, bizpahiru argitaletxe. «Argitaletxeek proiektu berriak egiteko duten gaitasuna mugatua dela esan nahi du horrek», eta diru laguntza publikoak ezinbestekoak zaizkio. Zifra gehiago. 2008an, esaterako, euskarazko ikasmaterialak egiteko laguntzak 2015era eramanez gero, %70 jaitsi dira. Euskarazko liburugintzak 730.000 euroko laguntza zeukan 2008an eta 500.000 baino ez 2015ean. Bizi bai, baina iraun ere bai, edo saiatu behintzat.

Ametsik erotikoenetan ere ez

47 urtez atzera egin du Lertxundik. Azokak dituen 50 urteetatik, hirugarrenean egin zuen lehenengo bisita idazle oriotarrak. «Inork ametsik onenetan eta erotikoenetan ez zuen amesten hemen egongo ginenik eta hemen gaude». Nahiago du kontrapisuan egindako guztia jarri. Eta hor daude ekimenak, gehientsuenak gizarte zibiletik sortutakoak. «Ekimen horien bidez daukagu nolabait halako substratu kultural eta sozial zabal bat handik sortu zena. Ekimen haietan nolabait gure anbizio nagusiak kontenplatuta zeudela. Alegia, eskola, hedabideak, eskola bai helduentzat ere… Horri guztiari eutsi egin behar zaio eta jasangarritasun bat eman behar zaio. Planteatzen badugu zerbait lor dezakegula hura bezain sustraigarria orain, hasten naiz imajinatzen, eta ezin dut imajinatu, ez baldin bada antolamenduan. Hezurdura badago. Hezurdura horri jaiotzez eta izatez zeukan benetako amets kultural hori nola sustraitu eta nola etekina atera».

Erakunde publikoekin, instituzioekin, alderdi politikoekin harremanak eta elkar ezagutza ezinbestekoak dira biziraupen horretarako. Lehenago erabaki beharko da, Osaren aburuz, zer-nolako gizartea nahi dugun, sakonki aztertu beharreko galdera izaki. Izan ere, herri ekimenen eta erakundeen arteko etenaz mintzo da. «Ez dago zubirik, baina ezagutza ere falta da. Nire pertzepzioa da askotan administrazioarekin harremanetan gaudenean ez dakit zenbateraino ezagutzen duten kulturgintzan egiten dena, egiten den modua, errekonozitzen ote den, eta errekonozitzen ez dena ez da gehiegi babesten. Ezezagutza dugu, agian elkarrenganakoa. Alde bietatik ere izan daiteke».

Funtzioen banaketaz eta herri polarizazioaz, hitz bi: «Herri hau nahiko polarizatuta egon da urteetan. Denok ezagutzen dugu elkar, denok ditugu aurreiritziak, gehiegi, errezeloak eta kosta egiten zaigu gainditzea. Arazo pertsonal bat ere bada neurri batean. Ezinbestean gainditu beharra dago. Ez dakit gainera zenbaterainoko borondatea egon den hori gainditzeko. Orain beste momentu batean gaude eta iritsi da beste gauza batzuk gainditu eta aurrera egiteko momentua», ohartarazi zuen Elkarreko arduradunak.

Herrigintzaren arnasaz, hauspotzeaz eta erakundeen beharraz arituta, Lertxundik beste norabide bati eutsiko lioke, administrazioen eta herrigintzaren arteko balizko akordioak erdiesteari. «Nahiago nuke alderdi politikoen eta herrigintzaren arteko akordio bat, eta iruditzen zait askoz bideragarriagoa dela eta irits daitekeela adostasunetara. Gero, noski, Legebiltzarrera eraman eta han onar dezatela. Egiten ditugu erakundeak abstrakzio baten izenean jarri eta galdu egiten gara. Badaude beste mekanismo politiko batzuk askoz eraginkorragoak», esan zuen. Eta gehitu zuen Osak: «Gure gaitasuna alderdietan eragiteko ere mugatua da edo izan da. Ez dakit zenbateraino gai izan garen alde horretatik eragiteko, bai euskalgintzatik eta bai kulturgintzatik». Eta kultura bihurtzen denean etekin ekonomikora makina bat? «Euskal Herrian dauden produktora handienak sortu ziren dirua zegoelako, ez ziren sortu euskal telebista bat nahi zutelako, baizik eta dirua eginez, euskal telebista bat sortu nahi zutelako. Oso desberdina da. Logika horrek funtzionatzen badu, hori baldin bada nagusi eta parean ez badago hausnarketa kultural bat eta helburu bat, zertarako nahi dugu hau egin?», galdetu zuen Lertxundik. Osak, puntualizazioa: «Argitaletxeetatik askotan bideratzen ditugu proiektuak ekonomikoki bideragarriak ez direnak baina balio kultural handia dutenak, baina ezinbestean behar ditugu beste batzuk bideragarriak direnak. Helburu ekonomikoak izatea garrantzitsua da, badakigulako bestelako proiektuak abian jartzen erabiliko ditugula etekinak».

 

Atzerriko kulturen erreferentziak eta literaturaren paradigma berria

Euskal Herriko etxeetara sartzen diren kultur erreferentzia nagusiekin kezka agertu zuen Olatz Osak, gehientsuenak atzerrian ekoiztutakoak baitira, beste hizkuntza batzuetan ondutako lanak. «Ingeles kultura gehiago sartzen da gure etxeetan, euskal kultura baino. Hortik ateratzea da helburua. Kultur eragileok asko daukagu egiteko hor, ikusgarritasuna areagotzen. Euskaldunak ere bagara eta ez dakit oso saltzaile onak garen, baina irudipena daukat badugula zer hobetu. Zailtasunik handiena, nolanahi ere, ikusgarri egite horretan dago».

Lertxundik paradigma berrietara jo zuen, literatura –egile ikuspuntutik begiratuta– jasaten ari den aldaketetan egin zuen oinarria. Eta metamorfosi horrek zerikusi handia du sarearekin, alegia, Internetekin, hura kontsumitzeko erarekin eta horrek gero idazterako orduan ekartzen duen desberdintasunarekin ere. «Nik behin euskararen zortzigarren probintzia deitu nion Interneten gorabehera daukagu, eta hor gure ikusgarritasuna inportantea da. Plaza hori literaturaren paradigma guztiak aldatzen ari da neurri handi batean. Duela 40 urte oso garbi genuen zein zen idazlea eta zen liburuak argitaratzen zituena, eta gaur egun badira libururik argitaratzen ez dituztenak, eta sarean daudenak. Etengabe argitaratzen ari direnak eta batzuk lan oso txukunak. Argitalpenaren paradigma ere aldatu da. Irakurlearen paradigma ere aldatu da. Paradigma berri baten aurrean gaude eta ez dakigu bere perfil berriak nolakoak diren», aipatu zuen. A.K.