NAIZ
MADRIL

EHAKn egindako lana legezkoa zela nabarmendu dute azken sei auzipetuek

Beste sei auzipetuk deklaratu dute gaur 04/08 sumarioaren epaiketan, Auzitegi Nazionalean, eta, horrenbestez, urtarrilaren 11n jarraituko du epaiketak. EHAK alderdiaren eta talde parlamentarioaren baitan egindako lanaz azalpenak eman dituzte.

Auzipetuetako batzuk, epaiketaren lehen egunean. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)
Auzipetuetako batzuk, epaiketaren lehen egunean. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)

Peio Galvez, Jesus Mari Agirre, Juan Carlos Ramos, Nekane Erauskin, Karmele Berasategi eta Auroren Martinen txanda izan da gaur Auzitegi Nazional espainolean, 04/08 sumarioaren epaiketan. Guztiek ukatu dute ETArekin zerikusia izan dutenik edo ETAren aginduz lan egin zutenik.

Peio Galvez izan da lehena defentsaren galderei erantzuten. Batasunako kide ez zela izan esan du eta EHAKrekin 2005eko hauteskunde kanpainan hasi zela lanean, prentsa eta komunikazio alorrean. Hauteskundeen ondoren talde parlamentarioarentzat lan egitea eskaini zioten, orduan ere komunikazio alorrerako. Bere soldata Gasteizko Parlamentuak ordaintzen zuela azaldu du.

Jesus Mari Agirrek ere EHAKrentzat egin zuen lan, kontulari gisa eta administrari gisa kontratazio lanak egiten. Alderdiaren kontabilitatea Kontuen Auzitegian aurkezten zutela eta sekula ez zutela irregulartasunengatik ikuskapenik izan adierazi du. EHAK, EAE-ANV eta Batasunaren artean sekula ez zela kutxa komunik izan ziurtatu du.

Juan Carlos Ramosek 2002tik EHAKren presidente zela gogora ekarri du, estatutuak beraiek idatzi zituztela eta alderdi gisa legeztatu zutela, inolako arazorik gabe. Erabaki guztiak alderdian bertan hartzen zituztela adierazi du. 2005ean EHAK utzi zuen, bere ama zaintzeko. Alderdiaren administrazio eta gai ekonomikoekin zerikusirik ez zuela izan esan du.

Nekane Erauskin EHAKren bozeramailea izan zen Gasteizko Legebiltzarrean. Aholkularitza lanetarako hainbat lagun kontratatu zituztela gogoratu du, Parlamentuaren kontura. Erabakiak talde parlamentarioan hartzen zituzten, EHAK alderdiaren laguntzarekin. Beti bide politiko eta demokratikoak defendatu zituztela nabarmendu du, alderdi guztiekin bildu zirela eta guztiekin adostu zituztela ekimenak Legebiltzarrean.

Karmele Berasategi ildo beretik mintzatu da talde parlamentarioaren funtzionamenduari buruz. Bera zen diruzaina eta hartutako erabaki guztiak legezkoak ziren, aholkulariek esaten zietenez.

Aurore Martin izan da gaur deklaratzen azkena. Ipar Euskal Herrian ezker abertzalearen militante gisa, bere jarduera politikoa izan dela nabarmendu du. Bere atxilotzea Paueko Auzitegiak lehendabizi atzera bota zuela oroitu du, eta gero Parisek onartu, espainiar Estatuan ustez eginiko delituengatik.

Epaiketak urtarrilaren 11n jarraituko du.