Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste, Gabi Mouesca, Filipe Lascaray, Allande Socarros, Panpi Sainte Marie, Filipe Lesgourgues eta Terexa Michelena Nazioarteko Harreman Taldeko (NHT) Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendallekin bildu ziren iragan irailaren 24an, ohar batean jakinarazi duenez.
Preso ohiek azaldu dutenez, idatzizko txosten bat helarazi zieten nazioarteko adituei, gatazkaren konponbidean ekarpen bat izan nahi duena.
Txostenean Iparretarrak taldearen ibilbide historikoaren berri ematen diete lehendabizi (sorrera, borroka, ondorioak, egoera aldaketa...), eta Aieteko Konferentziak eta ETAk borroka armatua uzteak ekarri duen eszenatokia hizpide dute ondoren.
IK-ko preso ohiek diotenez, «iraganean izan ditugun engaiamenduetan oinarriturik», etorkizunean ere «Euskal Herriaren alde jokatzeko gogoan tinko» jarraitzen dute, Ipar Euskal Herriaren autonomia aldarrikatzea helburu dutela, «gisa horretan ere gatazkaren konponbidean parte hartuz».
Hala, Aieteko Konferentziatik abiatuta, gatazkaren konponbidean «esku-hartzeko nahikundea» adierazi dute eta Euskal Herriak «bere eskubide guziak berreskuratzeko helburuen alde tinko lan egiten» segiko dute, NHTri helarazitako txostenean nabarmendu dutenez.