NAIZ
DONOSTIA

Etxeratek urtarrilaren 9an Baiona eta Bilbora «harriak mugitzera» joateko deia egin du

Urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan ospatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Etxeratek. «Ez dugu itzulinguruak ematen jarraitu nahi arriskuan jarriko gaituzten errepide bihurrietan zehar, ez da itzuliak emateko unea, harriak mugitzekoa baizik», aldarrikatu dute.

Harriak mugitzeko deia egin du Etxeratek Donostian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS))
Harriak mugitzeko deia egin du Etxeratek Donostian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS))

Etxeratek, urtarrilaren 9rako Sarek eta Bagoazek Bilbo eta Baionan antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, «kaleak elkartasunez soilik ez, aldarrikapenez ere beteko dituzten bi manifestazio nazional horiei».

Azken urteen moduan, mobilizazio handia espero dute «euskal presoen hutsunea sentitzen eta dispertsioa bizitzen urte asko joan baitira dagoeneko». Era berean, mobilizazioak ez direla soilik espetxean dauden 407 presoengatik, iheslariengati eta hauen senide eta lagunengatik mobilizatuko aldarrikatu dute. «Gure eskubideen alde ere aterako gara kalera. Haiei zein senideei ukatzen dizkieten eskubideak ere gureak direlako. Hor datza gure aldarrikapenaren garrantzia. Dagokiguna delako eskatzen duguna».

Egoerak hobera ez dutela egin azpimarratu dute. «Azken urte honetan, salbuespeneko politika hau indartzeko saiakerak bizi izan ditugu, azkena, Entzutegi Nazionalak atzera botatako gure senideen helegiteak. Eraso ezberdinak ere, besteen artean, atxilotzeak, euskal errepresaliatu politikoen alde gelditu gabe lan egiten dugun eragileen aurkakoak. Horregatik ere, bada garaia ere, indar herritar bezala sendotzen gaituen eta egoera lazgarri honekin bukatzea eskatzen duen hitzordu hau bizitzeko». Honen aurrera espainiar eta frantziar estatuen «inmobilismoa» salatu dute.

«Ordua heldu da, eta berebizikoa da, laster hemen izango den urte berrian, euskal preso politikoen eskubideekiko sostengua berrestea. Gizartearen agendan 26 urte luzez daramanak, berezko duen garrantziarekin agenda politikoetara jauzi egin dezan beharrekoa da».

Azken urteetan egin duten moduan, urtarrilaren 9ko asteburuan, ez da bisitarik izango, senide eta lagunak ere Bilbo eta Baionako kaleetan izango dira-eta. «Etxean eta bizirik nahi ditugula oihukatzeko ordua heldu da. Ez dugu itzulinguruak ematen jarraitu nahi arriskuan jarriko gaituzten errepide bihurrietan zehar; ez da itzuliak emateko unea, harriak mugitzekoa baizik. Bideko arrokak mugi daitezen ordua da».