NAIZ
GASTEIZ

Kultura arloko 110 talde eta norbanakok babesa eman diote U9ko manifestazio deialdiari

Euskal Herriko kultur arloko 110 pertsona eta taldek urtarrilaren 9an Baionan eta Bilbon ospatuko diren mobilizazioetara bere atxikimendua aurkeztu dute. Zerrenda hau luzatzeko asmoa iragarri dute eta «batera» lan egiteko gonbitea zabaldu dute.

Urtarrilaren 9ko mobilizazioetarako kultur arloko atxikimenduak aurkeztu dituzte. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Urtarrilaren 9ko mobilizazioetarako kultur arloko atxikimenduak aurkeztu dituzte. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Kultura munduko 110 talde eta norbanako batu dira gaurkoan urtarrilaren 9an euskal presoen eskubideen alde eta dispertsioa salatzeko Bilbon eta Baionan ospatuko diren mobilziazioei. ‘Mugitu daitezen harriak’ lemapean ospatuko dira manifestaldiak, eta gaurkoan Gasteizko Baratza aretoan eman dute bere atxikimendua. 

Bertan izan dira Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Askoa Ramirez de la Peciña dantzaria, besteak beste. Baina zerrendan beste izen ezagun ugari agertzen dira. «Atxikimenduen zerrenda luzea osatu dugu, eta zerrenda luzea osoa jarraitzen dugu oraindik ere», adierazi dute.

«Gaur, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen izenean harriak mugitzeko konpromisoa hartu dugula iragarri nahi dizuegu. Hainbeste sufrimendu eragiten duten harri hauek oztopoa dira herri honetako biztanleok merezi dugun konponbide eta bakerako, eta Urtarrilaren 9an, Bilbon eta Baionan, ordu berdinean, denon artean hauek mugitzera goaz».

Honela dei egin nahi izan diete kultru arloko beste eragile askori, haiekin bat egin dezaten. «Harriak mugitzeko soketatik tira eta tira egin behar dugu, batera, etenik gabe eta ahalik eta indar handienarekin. Gu bagoaz, eta zu ere joateko gonbitea luzatzen dugu, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko».