NAIZ
BAIONA

Berrehundik gora hautetsik bat egin dute Baionako manifestazioarekin

Berrehundik gora dira dagoeneko Baionako manifestazioari sostengua adierazi dioten hautetsiak. Angelu, Donibane Lohizune, Baiona, Biarritz, Bidarte, Kanbo, Hazparne eta Mauleko auzapezak daude tartean, besteak beste.

Hautetsien ordezkaritza batek agerraldia egin zuen Baionan herenegun. (Bob EDME)
Hautetsien ordezkaritza batek agerraldia egin zuen Baionan herenegun. (Bob EDME)

Baionan egingo den manifestazioari sostengua adierazi dioten hautetsien berri emateko agerraldia egin zuten asteazkenean Baionan. 180ko zerrendak gora egin du eta dagoeneko berrehundik gora dira biharko mobilizazioarekin bat egin dutenak.

Bake Bideak jakinarazi duenez, azken orduotan atxikimendua eman dutenen artean daude hainbat auzapez, hala nola Claude Olive (Angelu), Peyuco Duhart (Donibane Lohizunko alkate eta Hego Lapurdiko aglomerazioko lehendakaria), Manu Alzuri (Bidarte), Vincent Bru (Kanbo), Beñat Inchauspe (Hazparne), Dominique Bosc (Lakarri), Michel Etchebest (Maule), Chantal Erguy (Aiziritze), Ruben Gomez (Liginaga), Alain Castaing (Jatsu) eta Roland Hirigoyen (Mugerreko auzapeza eta Errobi-Aturri Herri elkargoko lehendakaria).

Alkateez gain, parlamentariak, kontseilariak, Paueko Ganberako ordezkariak eta zinegotziak daude zerrenda luze horretan.

Herenegun egin zuten agerraldian, zuzenean interpelatu zuten Parisko Gobernua eta «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu zioten, bake prozesuan «osoki engaiatzeko» garaia baduela nabarmenduz.