Zarauzko Aritzbatalde udal kiroldegian egin dute UEMA osatzen duten 73 udaletako ordezkariek Batzar Nagusia, 2016. urteari begirako lan ildoak eta helburuak finkatzeko. Ez da nola-halako urtea izango, izan ere, erakundeak 25 urte betetzen ditu eta proiektua sendotzeko mugarria izango dela adierazi dute.
Urtemuga honen harira, Josu Labaka UEMAko lehendakariak nabarmendu duenez, hainbat ekimen izango dira urtean zehar, baina egun bat azpimarratu dute bereziki: maiatzaren 28an Leitzan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Eguna.
Udalerrien erabateko euskalduntzea xede, udalak euskalduntzeko lanean jarraituko dutela esan du Labakak, baina batez ere eskaini nahi eite udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzeko beharrezkoak diren lan-ildoei, «kezka sumatzen baitugu erabilera kopuruaren datuen aurrean».
Arreta berezia eskaini nahi dio UEMAk Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresnari agintaldi honetan, udalerri euskaldunak areago erdalduntzeko arriskuari aurre hartuz.
Beste alde batetik, azaroko udal osoko bilkuran Ean hartutako erabakiari jarraiki, Batzar Nagusiak Busturialdeko herria kide izatea onartu du. Egun 73 udalek osatzen dute UEMA eta, Labakak aurreratu duenez, urtea bukatzerako 80tik gora izango dira.