@Maider Iantzi
DONOSTIA

Europako Itunean hartu zituen konpromisoetatik «oso urrun» dago espainiar Estatua

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak gomendioak egin dizkiote espainiar Estatuari Erregio eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak ezartzen dituen betebeharrez. Behatokiak eta Kontseiluak honakoa nabarmendu dute: «Harrigarria da, hamabost urte eta lau ebaluazio igaro ondoren –Europako Ituna 2001n jarri zen indarrean eta ordutik Estatuak lau ebaluazio prozesu izan ditu– Ministroen Kontseiluak eremu batzuetan gomendio bertsuak egin izana».

Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati, Donostiako agerraldian. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]
Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati, Donostiako agerraldian. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]

Estatu espainiarrak Erregio eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna zenbateraino bete duen ebaluatu du Europako Kontseiluak, 2010etik 2013ra arteko epean. Estatu espainiarrari egindako gomendioek Behatokiaren diagnosia «goitik behera» berresten dutela adierazi dute Behatokiak eta Kontseiluak balorazioa egiteko elkarrekin eman duten prentsaurrekoan.

Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak zehaztu duenez, gomendio horietako bi justiziaren eremukoak dira. Egiturazko arazoak daudela eta «Estatuari espreski eskatzen dio marko juridikoa aldatzea bai eta justizia administrazioan hizkuntza ezagutzen duen langile proportzio egokia izateko neurri legal eta praktikoak hartzea ere». Aholku hau azpimarratu du Petriatik, «legea aldatzeko eskaera behin eta berriro ematen den gomendio berezitua baita».

Errepikatzen den bertze eskaera bat osasun zerbitzuetan hizkuntza koofizialen presentzia bermatzearena da. Behatokiak etengabe jasotzen ditu zerbitzu hau euskaraz jaso nahi eta ezin duten herritarren testigantzak.

Lomceri eta PAIri buruz

Hezkuntzaren arloan, hezkuntza hiru eleduna tokiko hizkuntzen babes eta sustapenaren kalterako ez izatea gomendatzen du Europako Kontseiluak. Honekin lotuta, Nafarroako egoera oroitu du Petriatik, «irakaskuntzan euskara zokoratzen den bitartean ingelesezko programak inposatu» baitzituen Yolanda Barcinaren Gobernuak.

Lomceri ere egin dio erreferentzia Europako Adituen Batzordeak eta «tentuz ibili beharra» azaldu du, «eredu horrek eta gaztelania indartu nahi izateak erregio edo gutxiengoen hizkuntzen hezkuntzari ez eragiteko».

«Axolagabekeria»

«Estatu espainiarra oso urrun dago itunak ezartzen dituen konpromisoak betetzetik, hau da, berak hartu zituen konpromisoak betetzetik», deitoratu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Petriatik eta biek agertu dutenez, hamabost urtetan gomendio berak jasotzeak –erran dutenez, batzuetan esaldiak berak ere berdinak dira– erakusten du «praktikan» jokaera honek ez duela ondoriorik Estatuarentzat. «Badirudi oinarrizko eskubideak ez betetzeak, herritarrei zuzen-zuzenean egunerokotasunean eraginez, ez daukala hainbeste garrantzi». Baina Kontseiluak eta Behatokiak Europako Kontseiluari ekarpenak egiten jarraituko dute, iruditzen zaielako jakin behar duela hizkuntz eskubideei dagokienez Estatu espainiarrak «ze axolagabekeriaz» jokatzen duen.