NAIZ
BAIONA

Lorentxa Guimonen auziaren jarraipena egiten ari dela adierazi du Urvoas ministroak

Christiane Taubirak kargua utzi ondoren, Jean-Jacques Urvoasek Justizia Ministerio frantsesaren gidaritza hartu zuen urtarrila bukaeran. Mediabask eta Kazetari eskainitako adierazpenetan, Lorentxa Guimon presoaren kasuaren jarraipena egiten ari direla adierazi du Urvoasek.

Jean-Jacques Urvoas, Justizia ministro berria. (Jean-François MONIER/AFP)
Jean-Jacques Urvoas, Justizia ministro berria. (Jean-François MONIER/AFP)

Azken hilabeteotan, hautetsi ugarik Lorentxa Guimonen kasuaren larritasunaz ohartarazi diote Gobernu frantsesari. Bretainiako hainbat eragilek larriki gaixorik dagoen presoaren askatasuna eskatuz gutun bat utzi zuten Jean-Jacques Urvoas Justizia ministro berriaaren laguntzaileen eskuetan.

Era berean, Jean-Jacques Lasserrek, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko lehendakariak, angeluarraren askatasuna eskatzeko gutun bat bidali zion ere Manuel Valls lehen ministroari.

Azkenik, Urvoasek berak Crohn eritasuna daukan euskal presoaren egoeraz hitz egin du, Mediabask eta Kazetari emandako erantzun batean.

Justizia Ministerioaren komunikazio taldeak aitzinetik zehaztu duenez, txostenak aztertzen ari dira oraindik. Christiane Taubirak urtarrila bukaeran kargua utzi ondoren, Justizia ministro berriak gobernu taldea berriz osatzea erabaki zuen, ‘Marianne’ egunkariak argiratu zuenez.

Lorentxa Guimoni buruz galdegitean, honakoa da Jean-Jacques Urvoasen erantzuna: «nerabea denetik, pertsona horrek eritasun larri bat pairatzen du, horregatik kartzelako medikuak tratamendu zehatz bat bermatu behar dio». «Presondegiko zuzendariak osasun taldeak eskainitako informazioak jaso ditu, eta arduratsuki tratamendu hori errazteko borondatea du», gaineratzen du Urvoasek.

Eta segitzen du: «Azaroa bukaeran eskoltekin izandako arazoaren berri izatean, abendu erditik pertsona hori zentrotik ateratzeko prozedura berrikusi zuen. Zuzendaritzak autonomia osoa du Guimon andereaz arduratzeko nahi dituen neurriak hartzeko. Halaber, otsailaren 8an Lorentxa Guimonek ospitalea utzi zuen Renneseko kartzelara itzultzeko. Sarri gertatzen diren erietxera bidaiak zailtasunik gabe brurutzen dira. Bere osasunaz arduratzeko baldintzak akasgabekoak dirudite eta ospitalea kartzelatik hurbil egoteak alde onuragarria da tratamendurako».

Azkenean, baldintzapeko askatasunaz ere ematen du iritzia ministroak: «Baldintzapeko askatasuna eskatu zuenean egin zioten osasun ikerketak kartzela honetan atxiloaldia eta bere egoera bateragarriak direla azaldu zuen. Bere kondena berriz aztertzeko, Guimon andereak 2015eko urrian baldintzapeko askatasunaren eskaera egin zuen. 2015eko azaroaren 25ean epaileak baldintzapeko askatasuna onartu zion, zaintza elektronikoa aginduz; froga gisa. Dakizuen bezala, prokuradoreak erabaki horren aitzinean helegitea ezarri zuen eta erabakia otsailaren 25ean jakinaraziko du Dei Auzitegiak».

Atzera bueltarik gabeko konplikazioak

Angeluarraren abokatua den Maritxu Paulus Basurcok kartzeletako administrazioa duela denbora gutxi Guimonen «osasun egoeraz ohartu dela» nabarmendu du. Horregatik, Justizia ministroak esaten duena duena ez dela zehatza nabarmendu du.

«Abuztuan egin zioten osasun ikerketa. Bere osasuna okertuko balitz gaur egungo artatzea ez litzatekeela egokia ohartarazten zuen. Hots, hori gertatu da hainbat aldiz urria, abendua eta urtarrilean. Kartzelako sistema ezagutzen duen edonork badaki bere eritasunak eskatzen duen tratamendua ez dela bateragarria atxiloaldiarekin. Orain arte pairatu dituen konplikazioak atzera bueltarik gabekoak dira», aipatu du abokatuak.

Sylviane Alaux (PS) diputatuak Asanblada Nazionalean eginiko galderei buruz ez du iritzirik eman Urvoasek. Ipar Euskal Herriko hautetsiak euskal presoen hurbilketaz hitz egin zuen, «giza eskubideen politika haiei ere aplikagarria dela» nabarmenduz.