NAIZ
DONOSTIA

EH Bilduk Pedro Sanchezen inbestiduraren aurkako botoa emango du

Marian Beitialarrangoitia diputatu abertzaleak baieztatu duenez, EH Bilduk ez du Gobernu espainoleko presidente izateko Pedro Sanchezen hautagaitza babestuko.

Marian Beitialarrangoitia, EH Bilduko diputatua. (@ehbildu)
Marian Beitialarrangoitia, EH Bilduko diputatua. (@ehbildu)

Donostian egindako agerraldi batean, EH Bilduk ez duela Pedro Sanchezen aldeko botorik emango jakinarazi du Marian Beitialarrangoitia diputatuak.

«Aldaketa bat eszenifikatzeko negoziaketa batzuen aurrean gaude, baina guztiaren atzean betikoa dago, egungo estatu eredua mantendu eta statu quoa sendotu», azpimarratu du diputatuak.

Beitialarrangoitiak gogoratu du koalizioak «behin baino gehiagotan» azaldu duela aldaketaren aldeko jarrera eta «benetako aldaketa baten aurrean laguntzeko prestutasuna», baina nabarmendu du «Estatuan aldaketa erreal bat bultzatzeko gutxiengo baldintza batzuk bete behar direla».

Ildo horretan, EH Bilduk mahai gainean jarritako gaiak errepasatu ditu, hala nola, erabakitzeko eskubidearen aitortza, bake eta normalizazioaren esparruan salbuespen neurriekin amaitu eta pertsona guztien eskubideen errespetua eta «azken urteotan herritarrei lapurtutako oinarrizko eskubide sozial eta laboralak berehalakoan itzultzea».

PSOE eta Ciudadanos alderdiek adostutako akordioak baldintza horiek betetzen ez dituela eta Euskal Herriari bizkarra ematen diotela aintzat hartuz, Beitialarrangoitiak ezezko botoa berretsi du.