Estatu frantseseko hiltegiak kontrolatzeko eratu duten diputatuen batzordea heldu den astean lanean hasiko da. Ostegunean, apirilaren 28an, Mauleko hiltegiko arduradunen azalpenak entzunen dituztela jakinarazi du Kazetak.
Mauleko hiltegia salatu egin zuten animalien aurkako tratu txarrengatik eta honen ondotik Estatu frantseseko Asanblada Nazionalak diputatuen batzorde bat sortu zuen. PSko Sylviane Alaux diputatua tartean izanen da, eta azaldu duenez, hiltegietako arduradunak «ofizialki» batzordearen aurrean azalpenak eman beharko dituzte.
Alauxek «hutsuneak daudela agerian dagoela» salatu du. Horregatik, aurre egiteko «metodoak berrikustea da, eta hutsuneak dauden sailetan arau berriak sortzea» izango dute jomuga. Era berean, langileen hautatzea eta formakuntza ere ikertuko dutela nabarmendu du. Honela, Alauxek hiltegiekin lotura zuzena duten sailak ikertuak izan daitezen eskatuko du.
Mauleko hiltegiko kasua jakin bezain laster, Stéphane Le Foll frantziar Laborantza ministroak departamenduetako prefetei hiltegiak ixtea eskatu zien.