NAIZ
IRUÑEA

Bakartxo Ruiz izango da EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua Kongresurako

Nafarroako EH Bilduren batzarrak atzo adostu eta bozkatu zituen ekainaren 26 hauteskundeetarako hautagaitzak. Bakartxo Ruiz izango da Kongresurako zerrendaburua eta Xanti Begiristain, Senaturakoa.

Bakartxo Ruiz, Nafarroako Parlamentuan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Bakartxo Ruiz, Nafarroako Parlamentuan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar bidez Nafarroako EH Bilduk jakinarazi duenez, Bakartxo Ruiz izango da Kongresurako zerrendaburua ekainaren 26ko bozetan. Euskal Filologian lizentziatua, Bigarren Hezkuntzako irakaslea da eta 2011tik Nafarroako parlamentarioa da.

Bigarren postua Irati Jimenez kazetari eta idazleak beteko du.

Peio Gurbindo izango da hirugarrena. Magisteritzan lizentziatua, 2007-2011 legealdian Atarrabiako alkate izan zen eta gaur egun zinegotzia da.

Euskal Ikasketen gradua egina duen Lur Albizu izango da laugarrena eta Joseba Compains abokatuak itxiko du zerrenda.

Senatua

Senaturako hautagaitzaren buru Xanti Begiristain izango da, Larraungoa den arren Auritzen erroldatua dagoena. 2003 eta 2007. urteen artean zinegotzia izan zen Iruñeko Udalean.

Maider Belokik, Iruñeko Udalean hezkuntza, kultura, hizkuntza politika eta kirol zinegotzi denak,  hartuko du bigarren postua.

Hirugarren lekua Koldo Abregorentzat izango da. Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzan lizentziatua, enpresa munduan aritzen da. Berriobeitin zinegotzia da 2011tik eta, 2015etik, alkateordea.