Heldu den igandean, hilak 29, osasunaren aldek eta erraustegiaren kontra giza kate batek batuko ditu Onkologikoa eta Aldundia. Ohar bidez, antolatzaileek jakinarazi dute izen-ematea «erritmo onean» doazela eta dagoeneko «ehunka eta ehunka» direla bertan izateko konpromisoa hartu duten pertsonak.
Antolakuntza lanak errazteko asmoz, aldez aurretik izena emateko deia egin dute. Izan ere, ibilbidea 9 gunetan banatu dute –Gipuzkoako eskualde bakoitzari zati bana egokitu zaio– eta denboraz izena ematearen helburua da, zehaztu dutenez, ibilbidean zehar jendea era orekatuan banatuta egotea.
Gipuzkoako herri gehienetan tiketak banatzen ari diren lantaldeak daudela gogoratu dute eta, horrez gain, internet bidez ere izena emateko aukera badagoela gaineratu, erraustuez.org webgunearen bitartez.
«Igandean Gipuzkoan ikusiko da zein den Zubietako erraustegiak eragiten duen samina eta kontrakotasuna. Erraustegiaren eraikuntza kosta ahala kosta aurrera eraman nahi duenak entzun beharko gaitu», azpimarratu dute.