NAIZ
IRUÑEA

FM 98.3 dialean emitituko du Euskalerria Irratiak hurrengo astetik aurrera

Datorren astelehenetik aurrera Euskalerria Irratia FM 98.3 frekuentzian entzungai egonen da Iruñerrian. Gaur egindako agerraldian, eskerrak eman nahi izan dituzte eta «legezkotasun, indar eta kalitate osoz» abiatuko dutela garai berri hau nabarmendu.

Euskalerria irratia FM 98.3 frekuentzian entzungai, astelehenetik aurrera. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Euskalerria irratia FM 98.3 frekuentzian entzungai, astelehenetik aurrera. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Astelehenean hasiko da Eukalerria irratia FMko 98.3 frekuentzian emititzen. Gaur egindako agerraldian, «legezkotasun, indar eta kalitate osoz» eginen dutela nabarmendu dute. «Egun handia da Euskalerria Irratia osatzen dugunontzat, 28 urte baitaramatzagu une honen zain, edo une honetara iristeko lanean», adierazi du Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariak.

Eskerrak eman nahi izan dizkiete entzule, langile, kolaboratzaile, iragarle eta akziodunei, eta baita euskaldun eta euskaltzale guztiei. «Mugarri batean gaude, bide berri bat hasi behar dugu, baina oso argi dugu bide horretan bidelagun nahi zaituztegula, zuek baitzarete irrati honen egiazko altxorra», nabarmendu du Euskalerria irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak.

Abuztuan jakinarazi zieten 98.3an emititzeko lizentzia emanen zietela, baina ordura arte bertan emititzen zuen Nafarroako Unibertsitateak prozesua bertan behera uzteko eskatu zion epaileari, eta honen atzetik prozesua luzatu egin da.

«Iragana atzean uzteko unea da, etorkizunari so egitekoa. Bide berriak ibiliko ditugu, gure komunitatea bidelagun dugula. Gainzamarik gabe. Lizentziak ematen digun segurtasunarekin. Iruñerriko euskaldunei ahalik eta zerbitzurik onena eskaini nahian», sinatu dute.