Pasa den udazkenean ‘Eskura’ prozesuaren baitan aurkeztu zuen Gure Esku Dagok 2018a erreferentzia gisa hartuta egin nahi duen bidea. Erabakitzeko eskubidearen gauzapena ardatz lehen urrats garrantzitsua ematera doaz igandean 34 herri baina «igandekoa olatuaren hasiera da eta atzetik datorrena askoz ere indartsuago dator» dio Gure Esku Dagok gaur zabaldu duen prentsa oharrean.
Orain arte galdeketak egingo dituztela iragarri duten herriak honakoak dira: Aulesti, Arrigorriaga, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Lemoiz, Urduliz, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Hernani, Usurbil eta Sakanako hainbat herri. Azken honen kasuan, ekainaren 11n ezagutuko dira xehetasunak, beste hainbat herrirekin batera agerraldia deitu baitu Gure Esku Dagok Iruñean, Nafarroan 2. olatuaren baitan galdeketak izango diren herrien zerrenda publiko egiteko. Guztira 60 bat herrik osaturiko zerrenda izango da igandekoaren ostean galdeketak egiteko urratsa emango dutenak.
Norbere herrian «nahikoa adostasun» lortu ahala ari da urratsa ematen tokian toki herri bakoitza. Horietako batzuren kasuan erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak bihurtu dira galdeketa antolatzeko lehen adostasun eremu. Hurrengo bi asteburutan izango diren adierazpenen aurkezpen publiko horietan iragarriko dituzte galdeketa berriak.
Galdeketez harago
Gure Esku Dagok aurreikusitako bidean, ordea, oraingoz begi bistan galdeketa ez duten beste hainbat herri ere badira. Erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenekin urrats berriak eman asmo dituzte asteburu honetan hasita beste hainbat herrik.
Bihartik aurrera ezagutuko da, beraz, zein herritan lortu duten galdeketa egiteko nahikoa adostasun eta oraindik urrats hori eman ez arren zer pauso emango duen bakoitzak. Larunbaterako ekimenak iragarri dituzte Tolosan (eskualdeko pertsona esanguratsuek parte hartuko dute bertan), Errenterian (galdeketa egiteko abiatutako sinadura bilketaren emaitza aurkeztuko dute), Irunen, Hondarribian, Zumaian, Mutrikun, Deustuan, Larrabetzun, Ugaon, Galdakaon (mosaiko erraldoia iragarri dute), Barakaldon (mosaiko erraldoia egingo dute), Portugaleten, Sestaon, Santurtzin, Erandion, Aulestin, Markina-Xemeinen, Orozkon, Ondarroan eta Amurrion.
Igandean, 34 herritan galdeketak egiten ari diren bitartean ekimen esanguratsuak antolatu dituzte, Getxon eta Donostian, adibidez. Lehenaren kasuan «Adostasunaren plaza» ekimena egingo dute, Biotz Alai plazan izango da (12.00) eta hiriburu gipuzkoarrean balizko galdeketa bat antolatzeko urratsa eman nahi dute jai giroan. Bulebarrean 11.00etatik 15.00etara donostiarrei erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukeraz galdera egingo diete. Umeentzako gonea izango da, taloak eta 13.30ean ekitaldi herritarra deitu dute, ondoren Gure Esku Dagoren kantaren grabaketa herrikoia egingo dute.
Leioan, Muskizen, Urdulizen, Gernikan, Mungian, Lemoizen eta Mendexan ere igandean egingo dituzte publiko euren herritan lortutako erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak.
Hurrengo asteburuan Txingudi badian ekimen bateratua antolatu dute Irun, Hendaia eta Hondarribiako herritarrek. Igandean, ekainaren 12an, 10.00etan hasiko dira ekimenak Hondarribian eta Hendaian aldi berean. Gero, bi hirietatik martxak abiatuko dira eta Irungo Zbalztza plazan eguerdirako egin dute hiru herriek topagunerako hitzordua.