@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Mariñelarenaren artelan-erakusketa trenez heldu da Iruñera

Espetxean arreta mediku egokia ez izateagatik Parisen 1993an hil zen Pello Mariñelarena Etxarriko presoaren artelanak biltzen dituen erakusketa trenez iritsi da Iruñera. Geltokian harrera egin diote artelanak Kale Nagusiko Katakrak aretora eramateko. Bertan da ikusgai.

Mariñelarenaren artelanak trenez heldu dira Iruñera (Iñigo URIZ-ARGAZKI PRESS)
Mariñelarenaren artelanak trenez heldu dira Iruñera (Iñigo URIZ-ARGAZKI PRESS)

"Euskal presoak Euskal Herrira" oihuekin egin diote harrera Pello Mariñelarenaren artelanak biltzen dituen erakusketari Iruñeko tren geltokian. Egun gaixo dauden presoak askatzeko ere aldarria bertan izan zen. Sarek antolatu duen erakusketa Etxarrin eta Sakanako beste herri batzuetan egon da ikusgai orain arte eta hemendik aurrera Katakraken egongo da.

Iruñeko Geltokira heltzerakoan beste tren sinboliko bat zuten zain artelanek, kartoizkoa. Bertan presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak idatzita ziren. Eta baita ere hilaren 19rako Sarek deitu duen mobilizazioa (Autobus Geltokia, 12.00) gogoratzen zen ere.

Geltokiko kanpokaldean Mariñelarenaren olerki bat irakurri dute. Eta kartoizko trenak lagundurik artelanak Alde Zaharrareino eraman dituzte. Polizia espainola inguruan zen eta baimenean agertzen zen ibilbidea modu zorrotzean (beti espaloitik) segitzera behartu dute jendea Katakrakera heldu arte.