GARA
IRUÑEA

Artisten Auzoa bilakatuko da Arrosadia gaurtik aurrera

Espazio berriak aktibatu, kolektibo eta lokal berrien elkalana bilatu eta egun batzuetan zehar auzoko herritarrak jarduera soziokulturalen erdigune bihurtu. Hauxe da tokiz aldatu eta aurten lehen aldiz Arrosadiak hartuko duen Artisten Auzoaren helburua.

Espazio berriak aktibatu, kolektibo eta lokal berrien elkalana bilatu eta egun batzuetan zehar auzoko herritarrak jarduera soziokulturalen erdigune bihurtu. Hauxe da tokiz aldatu eta aurten lehen aldiz Arrosadiak hartuko duen Artisten Auzoaren helburua.

Denera 200 jarduera eta ekitaldi ikusi ahal izango dira. «Denak kultura eta artea publiko zabalago bati eskaini eta gerturatzeko asmoz», nabarmendu dute.

«Arte libre eta parte hartzailearekin beteko dira auzoko kaleak egitaraua osatu duten 200 ekitaldi artistikoei esker. Erakusketak tabernetan, dantza eta antzerkia plazetan, kontzertuak kale eta eszenatokietan, performanceak, literatur jardunaldiak, umeentzako zein helduentzako tailerrak...», kontatu dute antolatzaileek.

Zortzigarren edizio honetan kalea da protagonista. Felisa Munarriz eta Hontzaren plazetan kontzertuak egingo dira. Kaleetan zehar horma-irudi kolektiboak eta grafiti erakustaldiak. Auzoako arte espazio eta estudioek ere ateak ireki eta erakusketak antolatuko dituzte. «Egitaraua eskuan, auzoa ezagutu eta proposamen berriekin zein aurkitutako auzoko txoko politekin harritzea eta gozatzea da asmoa. Kalea eszenatoki bihurtuta. Artea jai bihurtuta», diote.

Aurten, lehen aldiz, jarduera eta ekitaldiz bete den toki itxi bat izango da: Nido Ccis (La Milagrosa Gizarte Ekintzarako Zentro Komunitarioa), Manuel de Falla eta Blas de Laserna kaleak gurutzatzen diren tokian. Pole dance, proiekzioak, erakusketak, sormen tailerrak, ipuin kontaketak, kontzertua eta artisau garagardoa dastatzeko gunea izango dira bertan.

A-mano Mercaderes-ekin elkarlanean, Felisa Munarriz eta Alfredo Floristan plazetan sortzaile eta artisauen azoka antolatu dute larunbatean egun osorako.

«Aurten lehen aldiz, Artisten Auzoak proposatutako jarduera parte hartzaileak nabarmendu nahi ditugu: ‘Bi hamasei’ ikus-entzunezko lan kolektiboa, Milagrosa Fashion Week pasarela irekia eta “Arrosadia no invita a la lógica” ekintza literarioa.

Bada besterik egitarauan. «Edizio hau egitea posible egin duten sortzaile eta elkarteei eskerrak eman nahian langabezian eta prekaritatean dauden pertsonen kolektiboak antolatutako herri bazkaria egingo da. Larunbatean 14.00etan Nidon izango da.

Interesatuek somoselbarriodelosartistas.com helbidean dute Artisten Auzoaren zortzigarren edizioaren egitarau osoa.