NAIZ
GASTEIZ

Indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Gasteizen

Mugimendu feministak deituta, Andra Mari Zuriaren plazan egindako elkarretaratzeak Gasteizen izandako hilketa matxista gaitzetsi du. Biharko ere mobilizazioak deitu dituzte.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Gasteizen izandako azken hilketa matxista gaitzesteko, mugimendu feministak elkarretaratzea egin du iluntzean Andra Mari Zuriaren plazan. Bihar, asteazkena, ordu berean eta toki beretik abiatuta, manifestazioa egingo dute. 

Arabako hiriburuko Udaleko bozeramaleen batzordeak bilera egin du, eta bihar eguerdirako manifestazioa deitu.

Emakundek ere oharra kaleratu du gaurko hilketaren aurrean gaitzespena adierazteko. Laguntza eta babesa eskaini dizkie hildako emakumeari eta ikerketak aurrera egin eta sumarioa sekretupetik irtetearen zain, jendarteari dei egin dio, jarrera aktiboa erakutsi dezan emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean.

EH Bilduk goizean goiz iragarri du astearte honetarako aurreikusita zituen kanpainako ekitaldiak bertan behera uzten zituela eta bat egiten zuela Gasteizko hilketa matxista salatzeko deitutako mobilizazioekin. Koalizio zenbait ordezkari, tartean Mikel Otero Kongresurako zerrendaburua, iluntzeko elkarretaratzean izan dira.

Unidos Podemos alderdiak ekitaldia egin du Arabako hiriburuan eta, hasieran minutuko isilunea egiteaz gain, indarkeria matxistari gaitzespena adierazi diote.

PSEren idazkari nagusi Idoia Mendiak ere gaitzetsi egin du hilketa eta gaineratu du gizarteak ezin duela onartu «hainbeste emakumeren biziak arriskuan egotea».

Araban Senaturako PPren hautagaiak, Iñaki Oyarzabalek, hilketa «krudel» eta «izugarria» salatu du.