Bi eta lau urte bitarteko espetxe zigor eskariak egin ditu Fiskaltzak sei gazteren aurka. 2014ko martxoaren 3an Troikak Bilbon egin zuen bileraren harira izan ziren protestetan «istilu larriak» eragitea leporatzen die, Eleak Mugimenduak eta auziperatuek gaur bizkaitar hiriburan bertan egindako agerraldian jakinarazi dutenez.
Era berean, 300.000 euro inguruko isunak jartzea eskatu du. Sei gazteetako biren aurkako epaiketa datar ere eman dituzte jakitera. Lehena uztailaren 19an izango da, eta bigarrena irailaren 29an.
Gogora ekarri dute orotara 13 pertsona izan zirela atxilotuak edo auzipetuak. Bi adin-txikikoei «komunitatearen aldeko» 100 lan-ordu eta milaka euro eskatzen zitzaizkien ustezko kalteengatik, baina biak absolbitu zituzten eta hirugarren bat ere absolbitu zuten. Laugarren pertsona baten aurkako kausa ere artxibatuta dago honezkero, «froga faltagatik». Beste bi prozedura akordio bidez itxi dira.
Era berean troikaren aurkako mezua azpimarratu nahi izan dute. «Troika bera eta baita enpresariak, bankariak eta enparauak, ez ditu inork aukeratu inoren ordezkari izateko. Ordea, Estatuei, instituzioei eta herritarroi, jendarte eredu jakin bat inposatzen digute. Azken urteotan zehazki, eredu neoliberalean sakondu eta eskubide sozialik gabe uzten ari dira gizartea, murrizketaz murrizketa».