Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, baita Gasteizko eta Nafarroako plataformek ere bat egin zuten atzo uztailaren 16an errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzeko eta Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko migrazio akordioa salatzeko Bartzelonatik aterako den karabanarekin. Helmuga Tesalonika izango da.
«Zubiak eraiki behar dira, hesien ordez. Elkarbizitzaren, elkartasunaren, pertsonen eta herrien arteko loturaren aldeko hautua egiten dugu. Kezkatuta gaude pertsona horien sufrikarioarekin. Horregatik, aldentzen gaituzten muga horiek zeharkatuko ditugu», adierazi zuten atzo Bilboko Itsas Museoaren kanpoaldean egindako agerraldian. Euskal Herritik uztailaren 15ean abiatuko dira. Azaldu zutenaren arabera, Tesalonikarako bidean, protestak egingo dituzte egunero herritarren elkartasuna eta arreta pizteko.
«Grezian gauden bitartean, babes eta duintasun bila dabiltzan pertsona horien eskura jarriko ditugu gure autobusak, gurera etorri ahal daitezen. Egungo migrazio politika amaiarazi beharra dugu. Erakundeei benetako babes hiriak eskatzen dizkiegu. Horregatik, gure udalei eta gobernuei ekimen herritar hau babesteko eskatzen diegu. Tragedia hau bukarazteko konpromiso irmoa hartzeko exijitzen diegu», gaineratu zuten.
«Mediterraneo itsaso osorako erreskate plan bat behar dugu. Frontex-ek ez du balio. Bide legalak eta seguruak behar dira», esan zuten..