UEU
IRUÑEA
Interview
Mikel Haranburu
Euskokultur

«Kulturaren ikuspegi integrala bilatu nahi dugu, Eugeniok egiten zuen moduan»

‘40 urtez euskal kulturan: Eugenio Arraiza gogoan’ mahai-ingurua Kondestablearen Jauregian Euskokultur fundazioaren eskutik. Iaz hil zen Arraiza, Nafarroako euskalgintzako eta kulturgintzako sustatzaile, eragile eta babeslea. Besteak beste UEUko talde eragileko kide ere izandakoa. Arraizak berak sortutako Euskokultur fundazioko kidea da Mikel Haranburu.

Mikel Haranburu, UEUren ikastaroen aurkezpenean. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)
Mikel Haranburu, UEUren ikastaroen aurkezpenean. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)

Eugenio Arraiza zena gogoan antolatu da mahai-ingurua. Arraiza batez ere euskalgintza eta kulturgintzako sustatzaile, eragile eta babesle izan zela esan dezakegu?
Dudarik gabe, horixe izan zen. Sortzaile edo egile baino, eragile. Beti ez zuen asmatuko, jakina, baina, ekin eta ekin, alor guztietan hobekuntza, antolakuntza eta dinamika integratzaileak lortzen ahalegindu zen. Bere lana «motorra» izatea zen, antolakuntzak martxan jarri besteek gero aurrera egin zezaten.

Berrogei urterekin ikasi zuen euskara, ordea…
Bai, bere bizitzan bi aro bereiz ditzakegu. Lehena, ikaskuntza, prestakuntza, apaizgoa eta herriko apaiz langilea sortu edo bilakatu artean. Euskal giroaren berri izan zuen gaztetan ere, Elizondon edo Lekunberrin emandako denboratik, baina haren asmoa apaiz, jesuita izatea zen, eta horren haritik herriarekin oso lotua. Bigarren aroa da itzuleratik aurrerakoa, zekarren jarrera herrikoiak eta herri kulturari ematen zion balioak ezbairik gabe euskara ikastera eta bertako kultura lantzera eraman baitzuten. Lan egindakoa zen langile apalenekin, eta ulertu zuen jokabide askatzailea norberak eta bere baitatik sortu behar zuela.

Ez da erreza ez haren ibilbidea laburbiltzea…
Erraza ez, jakina, hamaika alorretan bere ahalegina egin baitzuen hortik aitzina. Eusko Ikaskuntzan sartu zen langile eta herriaren kultura laguntzera, lantzera edota sustatzera pasa zen. Presente izan da arrez gero kulturaren zoko moko guztietan, eta gainera kulturaren ikuspegi ezin zabalago batez. Esan dezakegu harentzat kultura bizitzeko eraren sinonimoa zela. Ildo horretan, kulturaren kalitate edo mailarik altuenera iristen saiatu zen beti.

Arraizak batez ere landutako gaiak izango dituzue ardatz mahai-inguruan. Hau da, historia, bertsolaritza edota komunikabideak. Hala ere, berak legez ez duzue hiru arlo horietara mugatu nahi izan.
Hiru alor hautatu ditugu mahai-ingururako, baina arrazoi argi batzuengatik: hiru alor horietan aurrerapen nabarmena gertatu delako azken hamarkadetan, ez soilik Eugenio Arraizaren bultzadaz, jakina. Bestalde, Eugeniorentzat alor kuttunak edo garrantzi handikoak izan direlako beti. Lehena, historia, memoriaren berreskurapena eta bertakoek kontatua behar zuena. Nolabait atzera begirakoa. Ez da esan beharrik orain historiografia berria eratzen ari dela eta, Nafarroako konkistaren urteurrenaren inguruan, esate baterako, hainbat mugimendu, elkarte edo egitasmo garatu dela. Eugeniok gogo biziz bultzatu zituen horiek guztiak.

Bigarrena, hedabideena, egungo edo une oroko bizitzan komunitate batentzat sekulako garrantzia duena, beharrezkoa dena. Esanahi berebizikoa izan du gure artean Euskalerria Irratiak egin behar izan duen ibilbide neketsuak. Horretan ere, Eugeniok sortzetik beretik sustapen lan handia egin zuen.

Eta hirugarrena, sormenarekin lotuagoa, bertsolaritza. Bertsolaritzaren bilakaera izugarria izan da azken hamarkadetan, giro urbanora etorria, irakaskuntzan txertatua eta ahozko kulturaren beste agerpenekin harremanetan jarria. Eugeniorentzat miresgarria izan da Bertsozale Elkarteak eta bertso munduak egin duten bidea eta lortu duten arrakasta.

Alabaina, egia da Eugeniorentzat kulturaren osagarriak asko zirela, kantu zaletasuna, sendabelarrak, itsas kultura edo burdin kultura… eta, nola ez, euskal tradizioak eta ospakizunak, baina berdin toponimia, herri jakintza, ahozko ondare materiagabea… Ez genuke nahi beste ezein kultur alor bazter utzi, baizik eta kulturaren ikuspegi integrala bilatu, Eugeniok egiten zuen moduan. Eta ezin aipatu gabe utzi UEU bera, horretan ere aspaldiko laguna eta sustatzaile nekaezina baitzen.

Mahai inguruan nortzuk parte hartuko dute eta zein izango da edukia?
Historia alorrean, ezin egokiagoa Eugenio Arraizak eratu zuen Euskokultur Fundazioko egungo presidente Bixente Serrano Izko, historialaria. Hedabideen gaia lantzeko, Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxeta, beste hainbat hedabidetan ere lan egindakoa eta ikuspegi freskoa duena. Eta bertsolaritzaren inguruan, Eugenio Arraizarekin bertsolariak, bertsozaleak eta laguntzaileak elkartzen hasieratik jardun zuen Lontxo Aburuza; Eugenio ederki ezagutzen zuena, gainera. Mahai-inguruaren edukia parte-hartzaileen eskutik etorriko bada ere, dudarik gabe, ‘Euskal Herria Ardatz’ lelotzat hartuta, lau hamarkada hauetan, trantsiziotik hona gutxi gorabehera, euskal kultura nolatan bilakatu den gurean aztertuko dugu, Iruñetik hasi eta Nafarroa osoan edo Euskal Herrian.

Euskal kulturaren berrogei urte mahai-inguru bakarrean sartzea ez da errez izango, ordea. Abiapuntua dela esan dezakegu?
Baliteke abiapuntua besterik ez izatea; izan ere, berrogei urte ez da marka makala eta oraindik aztertu gabe dagoen historia ere bada. Bai tradiziotik heldu diren kultur agerpenek, eta bai euskalgintza deitzen dugun jarduera antolatuagoak sortutako dinamikek, garapena izan dute urteetan barrena. Akatsak ere izan dira noski, baina agian bada garaia aurrekari horiek aztertzen hasteko. Eugeniok bilatzen zuen auto-eraketaren ideiatik edo izate kontzientetik hurbilago gauden seinale litzateke hori.