«Ekonomia linealak planeta mugatu honetan ez du zentzurik»
‘Praktika agroekologikoak: oilotegi-konpostagailua biohondakinen prebentziorako’ ikastaroko arduradunetako bat da Natxo Irigoien. Nekazaritza Ingeniaritzan doktorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea. NUPekin elkarlanean antolatutako lehenengo ikastaroa da.
Zer da ekonomia zirkularra?
Ekonomia zirkularra ekonomia ulertzeko modu bat da, modu berri bat. Europatik etortzen ari dena indar handiarekin. Leku askotan entzuten ari gara ekonomia zirkularraren kontua eta norberak ulertzen du nahi duena. Hori arazo handia da. Zer den? Ekonomia zirkularraren helburua gauzen, materialen balorea mantentzea da denboran zehar, ahalik eta luzeen. Mantentzea eta, are gehiago, batzuk esaten dute handitzea ere badela. Kontsumitzen den neurrian material horiek gero ta balore handiagoa edukitzea. Balore handiagoa edukitzea ez materialek beraiek baizik eta inguruak berak irabaztea. Giza baloreetan, balore naturaletan, balore ekonomikoetan. Ekonomia linealaren kontzeptuari aurre egiteko sortu da ekonomia zirkularra. Denok ezagutzen dugu ekonomia lineala, naturatik gauzak hartu, erabili, eraldatu eta bota. Eta horri aurre egiteko planteatzen da beste ekonomia sistema hau. Gero eta indar handiago hartzen ari da, etorri etorriko da, kontua da noiz etorriko den. Dugun sistemak planeta mugatu honetan ez du zentzurik. Ekonomia zirkularrak aldaketa sakonak dakartza. Aldaketa sakonak dakartza gure buruan, gure kontsumitzeko eran, gure ekoizteko eran, eta gure eguneroko bizitza garatzeko eran.
Ikastaroan agroekologia eta hondakinen kudeaketaren uztarketa landuko duzue…
Ekonomia zirkular honetan bi ziklo bereizten dira oso nabarmen. Gai biologikoen zikloa edo nutriente biologikoen zikloa batetik, naturan txertatze dena eta beste aldetik sintetikoen zikloa. Plastikoena, metalena… Ziklo biologiko hori aplikatzen badugu nekazaritzan, nekazaritzarako ekonomia zirkularrak esaten duena agroekologiak esaten duen gauza berdina da. Azken finean gure elikagaiekin eta elikadura sistemarekin harremanetan jartzeko beste modu desberdin bat da. Ziklo ekologikoak errespetatuz eta naturaren parte garen heinean, gauza guztien gainetik natura jarriz. Agroekologiak eta ekonomia zirkularrak elikadura alorrean esaten dutena gauza bera da. Errekurtso gutxi kontsumitzen duen nekazaritza honetan funtsezkoa da hondakinen kudeaketa. Hori baita ziklo biologiko guztien motorra. Kanpoko insumoak ez baditugu sartzen nekazaritzan, Petroliotik edo gasetik eratorritako insumoak ez baldin baditugu erabiltzen, gelditzen zaizkigunak gure inguruan guk geuk sortzen ditugunak dira. Azken finean hori da agroekologia. Ez da ezer berria. Gure arbasoek egiten zutena da, baina gaur egun badugu teknologia eta jakinduria jakintza hori berreskuratu eta gaurkotzeko, eta gure beharretara moldatzeko. Aukera handia ta eta horretarako funtsezkoa da ekonomia zirkularra, agroekologia eta hondakinen kudeaketa lotzea .
Kasu honetan ikastaro praktikoa izango da eta Noainera joango zarete bertan dagoen oiloen konpostagailu ezagutzera.
Ikastaro honetan bi atal bereiziko ditugu. Bat teorikoa izango da eta orain arte esan dugun hau aipatuko dugu gainetik, oso azkar, eta gero kasu zehatz baten zentratuko gara. Kasu zehatz hori da Noainen duela hiru urte ta erdi martxan jarri genuena hango 30 familiarekin. 30 familia hauek hondakinak auzo konpostagailu eramaten dituzte, hegaztiak txertatu ditugun konpostagailu. Kasu honetan oiloak dira. Kasu hori aztertuko dugu, nola sinergia asko sortzen diren konposta, hondakin eta oiloen artean. Horrekin konposta sistemak oso ondo funtzionatzea lortzen dugu, baratzak oso ondo funtzionatzea. Oiloek eragin handia izan dezaketelako baratzaren funtzionamenduan, ziklo biologiko guztiak azkartzen. Beste sinergia positibo batzuk ere badauzka. Pedagogiaren aldetik, sentsibilizazioaren aldetik… eta horri esker jendearen inplikazioa lortzen dugu proiektu honetan eta haiek sortutako hondakinen ardura hartzea. Dagoeneko ez dira hondakinak, errekurtsoak dira haiendako.
Nola funtzionatzen du konpostagailu horrek.
Kasu zehatz honetan bada konpostagailua oilotegi txiki baten barruan integratuta dago. Hamabi oilo eta oilar bat dira denetara. Bi patio ditu eta estalitako zonalde txiki bat. Osotara 60 m2. Familiek bi ardura dituzte. Batetik astean bitan gutxienez eraman behar dituzte beraien etxeko sukaldeko hondakinak konpostagailura eta beste aldetik hilabetean behin bakarrik familia horrek hartzen du oilotegi osoaren ardura. Gainbegiratu behar du eta kontrolatu behar du ongi dagoela, garbi dagoela. Ez baldin badago garbi garbitu behar du, ura aldatu behar die oiloei, apuntatu behar du zerbait arraroa badago. .. Egun horretan egindako lanaren ordainketa bezala oiloek errun dituzten arrautzak hartzen dituzte. Kasu honetan 30 familia dira, beraz familia bakoitza hilabetean behin arduratzen da. Orokorrean oso pozik daude, oso esperientzia positiboa izate ari da. Familia bati tokatzen zaionean festa bat da. Joaten dira seme-alabak, lehengusu-lehengusinak, auzokideak, gelako lagunak… Denak prozesioan joaten dira haien oiloak ikustera, haien oilotegia delako eta hondakinak botatzera eta arrautzak jasotzera joaten dira. Haur horiek sukaldeko soberakinak ez dituzte hondakin moduan ikusten baizik eta errekurtso bezala. Oso esperientzia positiboa izaten ari da, hiru urteko jarraipena izan du, mota guztietako analisiak izan dira, doktore tesian erabili da, mota guztietako kontrolak egin ditugu eta balorazioak bai soziologiaren aldetik eta bai teknikaren aldetik. Guztiz arrakastatsua izaten ari da. Horren ondorioz hedatu egin dira eta sortu dira honen antzeko beste proiektu batzuk. Leku askotan. Belgikan, Italian, Galizian, Katalunian, Nafarroan bertan leku askotan… Ez bakarrik ildo hau jarraituz, baizik eta gero eraldaketak egon direla. Gaztela Mantxan ere badira. Ta orain Bartzelonan jarri behar dituzte mordo bat. Bakoitzak moldatu du bere errealitatera. Orduan badaude 30 familiendako, 7 familiendako, norberarentzako… Batzuk erositakoak dira. Badira enpresa pare bat komertzializatzen dituztenak. Beste batzuk beraiek egindakoak dira. Oso moldagarria da.
Ikastaroaren helburua zein da?
Hara joaten den edozein pertsona gai izatea hori errepikatzeko. Ulertzeko zer den egiten ari dena, zertarako egiten den, zer den lortzen ari dena horrekin, nola egin beharko lukeen eta gero beste leiho txiki batzuk ireki nahi ditugu erakusteko beste potentzialtasun asko dituela. Baratzarekin lotuago daudenak, beste animalia batzuekin lotuta daudenak, zizareak tartean dituztenak… Azken finean argi ta garbi dago ekosistema batean gero eta biodibertsitate gehiago gero eta potentzialtasun handiagoa duela. Eta bi ikasle mota desberdin bilatzen ditugu. Bat izan liteke bere hondakinen kudeaketarekin arduratuta dagoena eta beste ikasle mota bat izango litzake baratza daukana, eta agroekologia mundu horretan murgildu nahi duena edo bide horretan sartu nahi duena. Horretarako funtsezkoa da animaliak txertatzea.