UEU
IRUÑEA
Interview
Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola
Irakasleak

Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen

Paradigma aldaketa batean, fase baten amaieran eta beste baten hasieran dago euskararen biziberritzea. Aurreko fasean, euskararen ezagutza sendotzea eta zabaltzea hartu zen ardatz, ezagutza eta erabileraren artean harreman zuzena zegoela sinetsita, eta ezagutzak biziberritzea bermatuko zuela pentsatuta. Ikuspegi hori ezbaian dago gaur, eta horren jakitun antolatu dute Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola irakasleek ‘Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen’ ikastaroa.

Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola.
Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola.

Zerk egin du huts edo zeintzuk izan litezke aipatu ekuazioaren hutsuneak?

Ibon Manterola: Galdera horren erantzuna guk ere nahi dugu entzun, adituen ahotan. Helburuetako bat hori da, baina ideia ez da zerk egin duen huts edo zer egin dugun gaizki aztertzea bakarrik. Hori ere bai, jakina. Ziurenik, gauza askotan egin dugu huts. Hizkuntzen biziberritze teoriak ere ez dira hainbeste, eta orain duela 30 urte prozesua diseinatu zutenek gauza askotan asmatu zuten.


Jone Goirigolzarri: Hizkuntza bat biziberritzen hasten zarenean, egoera gutxitu horretatik ateratzeko, ezagutza orokortu egin behar duzu. Baina nik uste ez zegoela esperientzia soziolinguistikorik jakiteko hizkuntza erabiltzeko orduan zein faktorek eragiten duten; hori guztia ez zen ezaguna. Urteak pasa ahala, esperientziak erakutsi digu ezagutza ez dela nahikoa, nahikoa dela pertsona batek lotsa izatea, pentsatzea bere euskara ez dela liburuetakoa edo ez duela jariokortasun nahikorik hizkuntza ez erabiltzeko. Orain ulertu dugu hori eta ezagutzatik erabilerarako paradigma aldaketa nola susta daitekeen aztertu nahi dugu, bai norbanakoari dagokionean baita maila makroan ere. Beharrezkoa da zenbait baldintza sortzea maila makro horretan: Nahikoa da eskola euskalduntzea? Argi dago ezetz. Beste espazio batzuk ere euskaldundu behar dira, adibidez, aisialdiko ekintzak ere euskaraz eskaini behar dira.


I.M.: Nafarroa edo Iparraldera bagoaz, egoera okerragoa da, zeren ezagutza orokortzeko aukera ez dute izan EAEn bezala, non erabat orokortu ez bada ere, 300.000 hiztun irabazi diren. Marko orokorra edo lege babesa askoz urriagoa da Nafarroan eta Iparraldean. Honenbestez, seguraski, erantzun bakarra ez da posible izango.


J.G.: Ikastaroaren helburua da egindako ibilbidearen marko orokorra planteatzea, eta esparruz-esparru kokatzea gakoak non dauden, zein indargune ditugun, zer alda genezakeen, eta etorkizunari begira, zein pauso eman genezakeen. Denon artean hausnatzeko espazioa izatea nahi dugu: adituak gonbidatu ditugu, zeren inguruan hausnartua eman dezaten, eta gero, dinamika batzuk egingo ditugu, bi egunez, buruari bueltak emateko bai praktika bai diskurtso mailan, erabilera areagotzeko. Izan ere, belaunaldiak aldatuz doaz eta hauen lehentasunak ere bai, eta egokitzen jakin behar dugu.

Paradigma aldaketa aipatu duzue, eta sentsazioa daukat badaramatzagula urte batzuk aldaketa horrez, eta ezagutzatik erabilerarako jauzia sustatzeko beharraz hausnartzen. Badirudi diskurtsoak ari direla aldatzen; ez dakidana da praktikak ere era berean aldatzen ari ote diren. Zer pertzepzio duzue zuek?

I.M.: Egia da fase baten agortze sentsazioa ez dela berria, eta hori ez dugu guk esaten: hartzen badituzu Jaurlaritzaren azken agiria (Eta hemendik aurrera zer?) eta Topagunearen Topalabean dabiltzan beste izen garrantzitsu batzuen gogoeta, batean zein bestean agertzen da ideia hori, eta esparru batean zein bestean dabiltzanek azpimarratzen dute ados daudela, eta garrantzitsua dela adostasun horretara iritsi izana. Euskalgintzak eta erakunde publikoek bide paraleloak segitu dituzte historikoki, eta beren diagnostikoek fase berrian hori alda daitekeela iradokitzen dute.

Beraz, diskurtsoan, behintzat, bat egitea eman da.

I.M.: Bai, sumatu daiteke hurrengo faserako markoa elkarrekin pentsatzeko gogoa. Eta hori inportantea da. Edonola ere, EAEn ikusten dugu hori; Iparraldean, euskalgintza bizi-bizirik dago, baina erakunde publikoetan, oso ahul dabiltza; eta Nafarroan, ikusi beharko da.


J.G.: Ikastaroa antolatu dugu uste dugulako aprobetxatu behar dugula nahi hori pil-pilean dagoela eta saiatu behar garela ahalik eta esparru gehienetan mahai-gaineratzen, indarra hartu dezan.

Lan mundua, hedabideak, eskola, familia eta aisialdia hartu dituzue ardatz, eta esparru horietan dabiltzan adituak gonbidatu dituzue, hain justu, aipatu dituzuen diskurtsoak parteka ditzaten eta, denen artean, praktika berriak planteatze aldera.

I.M.: Inportantea da ikastarora datozen ikasleei ahotsa ematea. Ez ditzatela adituen hitzaldiak entzun, eta besterik gabe, irentsi. Lanean jarriko ditugu, eta gara, Jone eta biok ere, taldetan. Normalizazioaren gaia sozializatu nahi dugu; ez dadila izan adituen kontua bakarrik. UEUren ikastaroak horretarako idealak dira.

Denok dugu ekarpena egiteko aukera.

I.M.:Ikasle guztiek izango dituzte beren esperientzia eta bizipenak, eta horiek konpartitzea interesgarria da.


J.G.: Azken finean, euskararekiko ardura duenak pentsatu izan du normalizazioan.

Imaginatzen dut hemen dabiltzanek, nork bere esparruan, pentsatuko dutela proposamenak nola eraman aurrera. Baina horrez gain, pentsatu duzue ondorioak beste nolabait gizarteratzea?

I.M.: Badago ideia liburu forma emateko ikastaroari.


J.G.: Bai hitzaldiei baita dinamikei ere. Idatziz batu nahi dugu dena, uste baitugu baliogarria izan daitekeela.


I.M.: Eta zuk esan duzun gisan, hona etorri den ikasle bakoitzak eraman dezala motxila bat, eta eragin dezala bere esparruan, bere eran eta neurrian.