NAIZ
IRUN

Giro ederrean hartu ditu Alarde parekideak Irungo kaleak

Irungo Alardean emakumeek ere berdintasunean parte hartzeko aldarria kalera atera zutenetik 20 urte bete direnean, giro lasai eta alaian desfilatu dute herriko kaleetatik Alarde mistoko hamaika konpainiek. Aurten ere Irungo alkateak Alarde baztertzaileari baino ez dio egin harrera.

Hamaika konpainietan, 1.500 lagun inguru izan dira Alarde parekidean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Hamaika konpainietan, 1.500 lagun inguru izan dira Alarde parekidean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Pozez eta herritar ugariren babesa, txaloak eta animo oihuak jasota atera dira kalera Irungo Alarde parekideko kideak, San Martzial egunez. Orotara, 1.500 bat lagunek hartu dute parte emakumeari berdintasun osoz parte hartzeko eskubidea ematen dion alardean.

Goizeko 10.20an abiatu dira Urdanibia plazatik, Inma Landa jenerala buru zela eta, herriko kaleetan barrena, asko izan dira babesa adierazi dieten herritarrak, txaloz eta animo oihuz.

Lasaitasun giroa nagusi izan da, baina normaltasuna ez da erabatekoa, zein bere aldetik ibiltzen baitira bi alardeak eta, aurten ere, Jose Antonio Santano alkateak (PSE), Alarde baztertzaileari baino ez baitio harrera egin Udaletxean. 20 konpainiatako 8.000 bat lagunek hartu dute parte horretan.

Udaletxearen atarian, Denis Itxaso Aldundiko Kultura diputatuak eman dio Irungo bandera Alarde parekidea ordezkatzen zuen Bidasoa konpainiako kideari.

Ondoren igorritako ohar batean, nabarmendu du gakoa «berdintasuna eta festa giroko elkarbizitza bezalako baloreak» uztartzean dagoela. «Azpimarratzeko modukoak dira azken urteetan eman diren pausoak tolerantzia eta berdintasuna sustatze aldera, eta nahiko agerikoa da konfrontazioak, zorionez, behera egin duela», azaldu du Itxasok, oraindik egiteko asko dagoela gaineratuz.

Udaletxeko balkoian ez da egon Itxaso, baina hain izan dira, besteak beste, Manu Lezertua Arartekoa, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, EH Bilduko Xabier Olano eta Ainhoa Beola edo Ezker Anitzako Isabel Salud eta Arantza Gonzalez.

Arratsaldean, Alarde parekideak 17.15ean egingo du desfilea eta emakumeak soilik kantinera gisa onartzen dituenak, aldiz, 18.30ean.