UPV-EHU
DONOSTIA

«2007ko krisitik aurrera sortzen diren mugimenduak begiratu behar ditugu, mugimendu populistak baitira. Populistak dira herria aldarrikatzen dutelako»

‘XXI. mendeko abertzaletasuna’ ikastaroaren azkeneko egunean, Andoni Olariaga filosofoak populismoa eta askapen mugimenduaren gaiak landu ditu.

Andoni Olariaga ikastaroan zehar. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)
Andoni Olariaga ikastaroan zehar. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)

Hala ere, gaia sakonki aztertu aurretik, gaur egungo errealitatea, eta gizakia arrazionala edo irrazionala den hausnartu du. Frantziako iraultzatik aurrera pentsatu izan da errealitatea arrazionala dela. «Aro modernoaz geroztik sortutako mitologiak erlijioarekin zerikusia dute, egiaren kontaera bilatzen dute, eta, hortaz, errealitatea eta gizakia arrazionaltzat hartzen dira». Bestalde, Andoni Olariagak beste ikuspuntu bat dauka gai honi buruz; bere ustetan, eztabaida arrazionalen atzean, ideia, balio irrazionalak baitaude. Hortaz, «gure bizitzari ematen diogun zentzua irrazionala da. Ez dago errealitate bakarrik, eta gizakia ez da arrazionala».

Gizakia irrazionala dela kontuan izanik, abertzaletasuna, populismoa eta askapen mugimendua aztertu ditu gaur egungo gizartean. Ezker abertzaleak, edo askapen mugimenduak, 50 urtetan defendatutako ekosistema, egondako tragediak kontuan hartuta, oso gogortua izan da. «Nik ez dut ekosistema hori kritikatzen, horrelako borroka tragiko baterako seguru aski behar dira halako identitate zurrunak, baina nik egiten dudan azterketa da gaur egungo testuinguruan identitate hori birmoldatu behar dela. Gainera, ateratzen dudan ondorioa da egondako eztabaidak ez zirela arrazionalak izan, baizik eta identitatearekin zerikusia zutela».

«Arrazionaltasun» eta «infantilismo» bat dagoela dio Andoni Olariagak, talde batek duen indarraren arabera neurtu izan baita identitatea. Hala ere, «esaten diren ideien edo jendartean sortzen duten onarpenen arabera neurtu behar dira. Gizartea kontuan hartu behar da eta beraiek ate ra behar dituzte ondorioak».

Horretarako, hiru kontzeptu kontuan izan behar ditugu; besteak beste, eraginkortasuna, «proiektu politiko eraginkor bat egiteko soziologia, balioak, ideiak eta zein momentutan gauden aintzat hartzea». Konfrontazioa egon behar du, hau da, «gu irabazten ateratzen garen lekutan praktikan jarri behar dugu gizarteak ondorioak atera ditzan». Eta protesta zikloak, «kontuak izanik gorabeherak egon daitezkeela eta jakinda zein olatutan aurkitzen garen momentua modu egokian aprobetxatzeko».

Protesta zikloen baitan, Andoni Olariagak azaldu du momentu populista batean gaudela. «Euskal Herria versus Estatua, momentuan gaude. 2007ko krisitik aurrera sortzen diren mugimenduak begiratu behar ditugu, mugimendu populistak baitira. Populistak dira herria aldarrikatzen dutelako». Gainera, Katalunian espainiarrak sentitzen zirenen, baina independentziaren alde zeudenen kasua azalduz, gehitu du «nazionalista ez dena konbentzitu nahi badugu, arrazoi hutsez zaila izango dela. Gure nazioa inklusiboago eraiki beharko dugu, hau da, irrazionalaren bidetik joan».

Andoni Olariagak bere hitzaldia amaitu du prozesu independentista bat martxan jartzeko eman behar diren pasuak azalduz. «Euskal gizartearen irakurketa soziologikoa egin behar da aldez aurretik eta ondoren konfrontazioa zein momentu den hoberena prozesua aurrera eramaten jakiteko. Gainera, Euskal Estatuaren eredua planteatu behar da. Konfrontazioa eta proposamen berriak diskurtso berean kokatu behar dira jendearen pertzepzioa aldatzeko».