NAIZ
BORDELE

Alemania finalerdira, penalti txanda amaiezin baten ostean

Bederatzina penalti jaurti behar izan dituzte Italia eta Alemaniako jokalariek, 120 minutuko partidaren ostean Eurokopako bigarren finalerdiko lehen taldea aukeratzeko. Azkenean, 9. penaltian Darmian italiarrak kale egin eta Hector alemaniarrak egindako golari esker Alemania pasa da hurrengo kanporaketara. Frantzia eta Islandiaren arteko igandeko partidatik irtengo da euren aurkaria.

Ez zuen askorik pentsatuko Hector alemaniarrak penaltia jaurti beharko zuenik, jaurti eta garaipenaren gola lortu du. ( VINCENZO PINTO | AFP )
Ez zuen askorik pentsatuko Hector alemaniarrak penaltia jaurti beharko zuenik, jaurti eta garaipenaren gola lortu du. ( VINCENZO PINTO | AFP )

Eurokopa da, kale batek kalera bidali ahal zaituen kanporaketa lehia, eta gaur ere luzapena lehenbizi eta penaltiak gero behar izan dira Ozilek (65') lehenbizi eta Bonuccik gero (78') egindako golek utzi duten banakoa gainditu eta finalerdirako sailkatua aukeratzeko. 

Penalti saio makala izan da. Insigne eta Kroosek, Italia eta Alemania, euren golak sartu ostean kale egin du propio luzapenaren amaieran penalti jaurtitzen bikaina delako zelairatu den Zaza italiarrak. Alemaniak hortxe zuen aukera aurreratzeko, Muller handiaren txanda baizen, baina honek makal jaurti du eta Buffonek besoak luzatu eta berdinketari eutsi dio. Lehen bost penaltien ostean, emaitza 2nakoa. Berdinketa amaiezina zirudien, etorri da seigarrena, biek barrura, zazpigarrena, biek barrura eta zortzigarrena, biek barrura. 9. txandaraino luzatu da final laurdenetako partida, Darmian italiarrak kale egin eta Hector alemaniarrak sailkapenaren gola sartu duenean. 

120 minutu eta 9 penalti eta gero Alemania finalerdietan da. Igandeko 21.00etatik aurrera erabakiko da bere finalerdietako aurkaria. Frantzia anfitrioiaren eta bateko eta besteko jendea zoratu duen Islandia handiaren arteko partidatik irtengo da.