Oihane Larretxea de la Granja
Interview
BEATRIZ GIMENO

«Sexuak inguratzen gaitu, baina sexu jakin batek bakarrik»

Politikan dabil gaur egun Beatriz Gimeno (Madril, 1962). Podemos alderdiko batzarkidea da Madrilgo Biltzarrean, baina horren aurretik eta, batez ere guztiaren gainetik, aktibista feminista da eta LGTBI kolektiboaren eskubideen defentsan egindako borrokak leku handia du bere curriculumean.

Ideia asko bota zituen Miramar jauregiko “Emakumeentzat plazer eta sexualitate kontzeptu propio bat” hitzaldian. Emakumeek sexuaz soilik ez, plazeraz ere hitz egin behar dutela uste du, bai behintzat subjektu sexual gisa eraiki nahi badute. Gaiok ez daude ez erakundeen agendan, ezta feministen agendan ere, eta, zentzu horretan, besteak beste, atzerapausoa eman dela ohartarazi zuen. «Sexuak inguratzen gaitu, baina, orgasmoei dagokienez, 50eko hamarkadan bezala gaude. 70eko feministek, haiek bai hitz egin zuten argi. Hain ginen ahozabalak –jarraitu zuen–, orgasmo baginala ukatzera ere ailegatu ginela, eta hori egiatik gertuago dago gaur egun esaten dena baino: penetrazioa gehi emakumea berdin orgasmoa. Bada, argi gelditu dadila, klitoririk gabe, ia ezinezkoa da orgasmoa».

Emakumeek sexuaz hitz egiten ez dutela baieztatu duzu. Zergatik uste duzu hala dela?

Agian, lagunen artean, konfiantza giroan, bai hitz egiten da, baina baieztapen hori egitean esan nahi dut feminista bezala ez dela ohituraz tratatzen dugun gaia. Gizarte hipersexualizatu batean bizi gara: sexua dago edonon, baina uste dut sexu jakin batek soilik inguratzen gaituela, eta emakumeei berriro beren gorputza eta sexua ezezaguna zaie. Neska gazteek plantak egiten dituzte orgasmoarekin, adibidez, eta ez hain gazteek ere bai. Zergatik? Filmek, telebistak, pornografiak saltzen duen sexua penetrazioan oinarritutakoa delako, uzkitik, ahotik, baginatik… eta non dago emakumea subjektu bezala? Suposatzen da horrek plazera ematen diela, baina egia kontrakoa da. Sexua hori dela saltzen digute. Non gelditzen da gure sexualitatea?

Feminismoak sexualitateari buruzko agenda behar duela diozu. Nola osatuko litzateke?

Hasteko, eta ezinbestean, pornografiak irudikatzen dituen harreman sexualez hitz egin beharko genuke. Bertan saltzen denak neskatoak baldintzatzen ditu sexuaren plazeraren ustearen inguruan. Sexuaz hitz egin beharko genuke, zentraltasuna berreskuratu, subjektu izan. Galdutako gunea irabazi ondoren, ematen duen plazerari dagokionez, kontsiderazioari dagokionez, eta berdintasunean oinarritutako sexura joan.

Zergatik aztertu beharko litzateke sexualitatearen papera?

Sexualitate heteroarautuaren papera aztertu behar da, penetrazio baginalean oinarritua, alegia, plazer maskulinora bideratuta dagoena. Agian horrek ez du bat egiten emakumeei plazera ematen dionarekin.

Harreman heterosexualei dagokionez, gizona subjektu bezala berreraiki egin behar al da emakumea, objektu izatetik, subjektu izatera igarotzeko?

Ez dakit, ez dut uste inor subjektu bezala berreraiki behar denik. Uste dut bi subjektu izan behar direla, edo subjektu eta objektu, baina alda daitezkeen paperak diren bitartean, malgua izatea bakoitzaren lekua.

Horretarako, hitzaldian aipatu duzunez, baliagarria izango litzateke emakumeek modu irekian adieraztea, zentsurarik gabe, zer duten gustuko sexu kontuetan, zerk eszitatzen dituen?

Bai, noski, ez badugu adierazten, eta aldi berean sinesten badugu desiratuak izateko onartu behar dugula sexualitatea modu batean edo bestean dela, gizona erdigunea dela, oso zaila da. Uste dut oraindik orain emakumeok desiratzen ez ditugun harreman sexual asko mantentzen ditugula, plazera ematen ez dutenak sarritan, eta espero duguna dela maitatu gaitzatela, desira gaitzatela, ez gaitzaten baztertu… Hori objektuaren papera betetzea da, eta, gainera, kontziente ez izatea.

Sexualitatearen ikuspuntutik, zein erronka ditu aurrez aurre emakumeak?

Eman den atzerapausoa aipatuko nuke. Sexua deitzen dugun hori sexu maskulinoa da. Hiru laztan eta koito baginala. Akaso emakumeren batek gorroto du penetrazioa, baina pentsaezina dirudi emakume batek hori esatea. Orgasmoak izateko modu asko daude, hori bada auzia. Koitoa erdigunean egoteak bat egiten du, bete-betean, gizonen desioekin, baina ez emakumeenekin.

Erronketako bat, orduan, argi hitz egitea da? Nahi dugunaz baina baita nahi ez dugunaz ere?

Justu. Horrek, ordea, ez du esan nahi beste pertsona batengatik ezin dituzula praktika jakin batzuk mantendu, plazera emateko besteari; jakina baietz, baina sexuan eman egiten duzu eta jaso ere, baina ez beti besteak soilik goza dezan.

Zein paper jokatu dezakete erakundeek berdintasunean oinarritutako sexualitatea lortzeko?

Oso garrantzitsua, baina zaila da erakundeetatik sexuaz mintzatzea, estigma da oraindik, eta are gehiago guretzat.

Noizko sexualitatea eta berdintasunari buruzko irakasgaia eskola curriculumean ?

Zalantzarik gabe etxeko lanak egin gabe ditugu zentzu horretan. Sexua soilik ikuspuntu biologikotik azaltzen da, ugalketa prozesua-eta, baina hori baino askoz gehiago dago. Heziketa afektibo-sexualaz mintzatu behar da, irakatsi, eta barneratuta dauden beste hainbat gauzetan eraikitakoa bota, adibidez, pornografiak saltzen dituen ereduak. Klasean argi daiteke pornografiak azaltzen dituen ereduak ez direla egia. Maiz pornografia existituko ez balitz bezala jokatzen da, ez ikusiarena egiten dugu, baina nola edo hala kontsumituko dute, beraz, hobe tresnak ematea, irizpideak, kritiko izaten laguntzea horri aurre nola egin irakasteko.