UEU
Interview
Joseba Lozano

«Herritar gehienak etsi-etsi eginda daude, eta onartezina onartzen dute: Administrazioak bidaltzen dizkien mezuak ezin ulertu ahal izatea»

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren barruan Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria da Joseba Lozano, eta aho-bilorik azaldu dizkigu Administrazioko testuen ohiko akatsak. Edonola ere, ez du uste euskarazkoak bereziki eskasak direnik; alderantziz: euskarazko itzulpenak, kasu askotan, erdarazko jatorrizkoak baino kalitate handiagokoak izaten direla dio.

Joseba Lozano (UEU)
Joseba Lozano (UEU)

‘Administrazio hizkeraren hieroglifikoak ulertzen lagunduko dien mirariren bat gertatu bitartean, teknolekto horren gehiegikeriaren aurka azaltzen dira herritarrak’. Ikastaroaren deskribapenean irakurri dut. Imaginatzen dut antolatzaileek idatziko zutela, baina bat egiten duzu esaldiarekin?

Ona litzateke herritarrak administrazio hizkeraren ulergarritasunaren aurka azaltzea, antolatzaileek esaten duten moduan; baina, oro har, nik esango nuke herritar gehienak etsi-etsi eginda daudela, eta onartu egiten dutela egoera bat, berez, onartezina dena: ezin ulertu ahal izatea Administrazioak bidaltzen dizkien mezuak.

Egia da azken urteotan administrazioek ahalegin handiak egin dituztela testu argiagoak eta ulergarriagoak idazteko, eta horretan, Euskadi eta euskara aitzindari eta protagonista izan dira; nolanahi ere, egia ere bada oraindik bide luzea gelditzen zaigula, gure testuen kalitatea bermatu arte; are gehiago kontuan hartzen badugu ohiko komunikazio analogikotik komunikazio digitalera pasatzen ari garela, bitartekorik gabeko komunikaziora, alegia.

Zeintzuk dira administrazio testuen hamar Pekatu Kapitalak (edo gehiago, baleude)?

Hamar eskatu dizkidazunez, hamar emango dizkizut; horrekin ez dut esan nahi, ordea, Administrazioak sortzen dituen testu guztiak horrelakoak direnik, baizik eta honelako joerak nagusitzen direla dokumentu askotan.

  1. Testu guztiek helburu jakin bat daukate (informazioa ematea, konbentzitzea…), eta, tamalez, helburu hori ez dugu beti kontuan hartzen, dokumentua sortzerakoan.
  2. Gehienetan, ez diegu erreparatzen irakurlearen ezaugarriei (zenbat dakien gaiari buruz, zer interesatzen zaion, zer-nolako aurreiritziak dituen…).
  3. Testu asko zuzenak izaten dira gramatikaren aldetik; baina, ez dute behar bezala komunikatzen, eta bizpahiru aldiz irakurri behar izaten ditugu haien edukiaz jabetzeko.
  4. Esaldiaren amaieran egotera kondenatzen dugu aditza, komunikagarritasunaren kaltetan.
  5. Puntuazioa ezinbestekoa da esaldiaren arkitekturarako; hala ere, ez diogu garrantzi gehiegirik aitortzen.
  6. Esaldi luzeegiak idazten ditugu, formula zaharkituez beteta, eta horiek oztopo dira komunikaziorako.
  7. Aditzen ordez, estilo nominala erabiltzeko joera daukagu (Kale horren izendapenaren aldaketari onespena eman zioten zinegotzi gehienek esaten dugu, Kale horri izena aldatzea onartu zuten zinegotzi gehienek esan beharrean); eta berdin gertatzen zaigu estilo inpertsonalarekin (Interesdunaren aldetik oinarriak ez betetzeak kobratu diren kopuruak osotara itzultzea sorraraziko du esan beharrean, hobe dugu Baten batek oinarriak betetzen ez baditu, kobratutakoa osorik itzuli beharko du, edo antzekoren bat).
  8. Ikuspegi negatiboa nagusitzen da gure idazkietan. Bi esaldi hauek gauza bera esan nahi dute: Txostena ez da prest egongo ostegunera arte eta Txostena prest egongo da ostegunean, baina bigarrena egokiagoa da, Administrazioaren irudi positiboa indartzen duelako.
  9. Gure testuak ez dira erakargarriak izaten, dokumentuaren diseinua ez delako behar bezala zaintzen.
  10. Gure dokumentuak berez eta besterik gabe eramaten ditugu plataforma digitaletara,komunikazio digitala sustatzen ari garelakoan; hala ere, komunikazio digitalak berezko ezaugarriak dauzka, eta beharrezkoa da testuak egokitzea, mundu digitalean funtzionatu dezaten.

Euskarazko testu eta itzulpenek kritika asko jasotzen dute. Erdaretan idazten direnak baino kalitate okerragokoak dira ala zorrotzagoak gara?

Gure testuak ez dira beste hizkuntza batzuetan idazten direnak baino txarragoak; are gehiago, nik esango nuke euskarazko itzulpenak, kasu askotan, erdarazko jatorrizko dokumentuak baino hobeak direla. Euskarazko dokumentuen sorkuntza bultzatu behar da, eta, nire iritziz, ez genuke hain zorrotz jokatu beharko zuzentasun gramatikalarekin, izan ere testu batek ederki asko funtzionatu dezake nahiz eta ergatiboren bat falta izan edo komunztadura arazoren bat eduki.

Nire ustez, zorroztasun gramatikalaren aldeko joera horiek ohikoak izaten dira normalizaziorako bidean dauden hizkuntzen kasuan; nolanahi ere, zuzentasuna gehiegi azpimarratzen badugu, badago arrisku bat: euskaldun askok pentsatzea ez dutela euskara menderatzen, ez daukatela mailarik, eta erdaraz idazten jarraitzea. Hori baino gauza kaltegarriagorik ez dago euskararentzat; beraz, animatu ditzagun euskaldunak, euskarazko testuak sortu ditzaten, testu argiak eta ulergarriak, eta bidean akatsen bat egiten bada, gaitz-erdi.

Administrazio testuetan ez ezik, maiz kazetaritzan, literaturan edo testu zientifikoetan ere egiten dugu huts egokitasunean, ala?

Esparru guztietan aurkitzen ditugu testu onak eta txarrak; dena dela, akatsak eta gaizki egindakoak nabarmenagoak dira administrazioetan, geu garelako testu gehien idazten ditugunak. Hizkera administratiboaz ari garelarik, ebazpenak, dekretuak, aginduak eta horrelakoak etortzen zaizkigu burura; hala ere, Administrazioak testu dibulgatibo asko kaleratzen ditu egunero, esparru guztietan gainera: zaharrentzako bidaiak, gazteentzako udalekuak, gaixoentzako argibideak… Horiek guztiak modu ulergarrian idatzi behar dira, teknolektotik urrun, herritar guztien eskubide demokratikoa baita Administrazioak zabaltzen dituen mezu ugariak ulertzea.

Eta zeintzuk dira administrazio testuen Hamar Aginduak, edo bestela esanda, nolakoak beharko lukete izan?

Bekatu kapitalak aipatu dituzu lehen, eta bertute teologalak azpimarratzeko eskatzen didazu orain. Tira, ea asmatzen dudan.

  1. Idazten hasi baino lehen, ondo aztertu egoera komunikatiboa: nori idazten diogun, zertarako…
  2. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean.
  3. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Jarri komunikagaitasuna zuzentasun gramatikalaren aurretik. Testua oso zuzena izan daiteke, baina ez badu komunikatzen, ez digu balio.
  4. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Gogoratu gure dokumentuen helburua ez dela estetikoa, pragmatikoa baizik: gauzak komunikatu egin nahi ditugu.
  5. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Esan beharreko guztiak ahalik eta argien eta laburren esan. Jendeak kontrakoa uste badu ere, errazagoa da modu korapilatsuan idaztea, gauzak argi eta labur idaztea baino.
  6. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Erabili hizkera objektiboa eta demokratikoa, herritar guztien eskubideak aintzat hartzen dituena.
  7. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Aditzak indar komunikatibo handia du hizkuntza guztietan, baina are gehiago euskaraz: ez pilatu elementu asko haren aurrean.
  8. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Baztertu formulak eta hizkera zaharkituaren ezaugarri guztiak
  9. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Zaindu dokumentuaren diseinua. Erabili izenburu eta azpi-izenburu informatiboak, lerroaldeak, zerrendak, oin-oharrak… testuak arnasa hartu dezan.
  10. Testua luzea bada, antolatu ideiak eskema baten inguruan: bidaiaren mapa izango duzu eskuartean. Aprobetxatu komunikazio digitalak eskaintzen dizkigun aukera guztiak: estekak, irudiak, bideoak…