Iosu Ganuza
Interview
Maider Beloki
Iruñeko Kultura Zinegotzia

«Pertsona guztiak barne hartzen dituzten festak berreskuratzea da gure helburua»

Maider Beloki Iruñeko Kultur arloko zinegotziak urtebete darama karguan. Gorabeherak gorabehera, gustura hartu du bere lana, eta aurten udal berriak osatutako lehenengo sanferminen egitaraua antolatzeko aukera izan du.

Maider Beloki, Iruñeko Kultura Zinegotzia. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Maider Beloki, Iruñeko Kultura Zinegotzia. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Urtebete eman duzu Iruñeko Udaleko kultur arloan jadanik. Nola ikusi duzu zure lana?
Batez ere, oinarriak jartzeko eta egokitzeko urtea izan da. Taldeak antolatu, ahultasun nabarmenenak antzeman eta indartu, hutsuneak betetzeko lana izan dugu gehienbat. Hauek guztiak, are nabarmenagoak izan dira jaien antolaketan. Ez sanferminetan soilik, baita beste ospakizunetan ere eta, batez ere, auzoetako jaiak antolatzeko orduan. Horietan kudeaketa ez zen ia existitzen. Beraz, lan egiteko eta kultura kudeatzeko modu berriak ekarri ditugu. Gure asmoa da honek behintzat datozen hiru urteetarako balio izatea, eta kultura bizitzeko modu hau herrian zabaltzea, aldaketa politikoren bat egotekotan, desagertu ez dadin.

Nolakoa izan da San Fermin jaien prestaketa?
Esan daiteke hau gure lehenengo urtea izan dela sanferminak kudeatzen. Izan ere, iaz, soilik zenbait kontratu ixteko denbora izan genuen. Izan ditugun arazoen artean, horrela deitu badaiteke behintzat, denboraren kudeaketa izan da nabarmenena. Ez genuen egutegia ezagutzen, eta gezurra dirudien arren, sanferminek ez dute sail propiorik Kultur sailaren barnean. Urte amaieratik daramagu lanean, eta, batez ere, denbora falta izan zaigu parte-hartzea planifikatzeko orduan. Uste dugu, hala ere, gainontzekoa ongi atera dela, eta ez dago guztia aldatu beharrik. Gauzak zaharberritu, edo berrikuntzak egiteko ordua da.

Nolakoa izan da prozesu parte hartzailea?
Sanferminetako mahaiak martxoan jarri genituen martxan. Momentuz ardatza sanferminetako Liburu Txuriaren prestaketa izaten ari da. Hau parte-hartzean aurrerapauso bat dela uste dugu. Gero, zenbait mahai daude, horien artean, nagusia Mahai Orokorra deitzen duguna da. Gero Egitarau Mahaia, Kaleetako Mahaia eta Entzierroko Mahaia daude. Berez mahai bat ez den arloa ere, guk sanferminen prestaketan mahaitzat hartzen duguna, Berdintasunarena da. Ezinbestekoa baita jai parekideak sortzea. Aipatu bezala, Liburu Txuria osatzen ari gara. Hori etorkizunean parte-hartzea gidatzeko ardatza izatea nahi dugu. Adibiderik argienak, mahaiez harago, txupinazoaren eta kartelaren hautaketan izan ditugu. Biak sanferminetako ikur dira. Lehena, gainera, askotan polemikoa eta baztertzailea izan da; izan ere, talde politikoek ez dute beti bertan parte hartzeko aukerarik izan. Orain herriari ireki nahi izan diogu. Herrikoia den zerbait, herriarentzat izan behar du. Oposizioak beraientzat pribilegio bat zena galtzea kritikatu izan du.

Mahaiak emankorrak izan al dira?
Bai. Lehendabizi, ezinbestekoa izan da jendea jaiak antolatzeko modu honetara ohitzea, eta era berean, modu aktiboan parte hartzera. Gutxinaka-gutxinaka, jendeak bere ekarpenak egin ditu, eta garrantzitsuena, eztabaida konstruktiboa egon da. Honen bidez ezagutza sortu da, batez ere kolektiboek eta jaietako eragileek dituzten zailtasunak argitara eraman dira, baita aitzineko eginkizunen, ekimenen eta lan egiteko moduen inguruko ezagutza ere. Gainera, jaien antolaketan ditugun etorkizuneko erronkak ere paratu ditugu. Bizikidetzari berebiziko garrantzia eman nahi izan diogu.



Eta zeintzuk izan dira horren fruituak?
Kontuan hartu behar dugu mahaiak anitzak izan direla eragileen jatorri, izaera eta nortasunari dagokienez. Lehenengo fruitua, beste modu batera elkartuko ez ziren edota lehenago aurrez aurre zeuden eragileen arteko puntu komunak lortzea izan da. Honek oinarri garrantzitsu bat ekarri du, eta sinergiak sortu ditu. Prozesua baliteke motelagoa izatea, baina epe luzera tresna indartsu eta sendoa izango da. Jendeak hau eskatuko du, agente berriak loratu dira eta, batez ere, jai herrikoiak eta guztiak barne hartzen dituzten festak berreskuratuko ditugu.

Ze aldaketa topa ditzakegu aurtengo egitarauan?
Kanpotik atzeman daitezkeenak baino gehiago izan dira: guneak, gestioa, aipatutako antolaketa... Jendeari interesatzen zaizkionak, batez ere, guneak dira. Erromeriak Gaztelu plazara pasatu dira, Jazzaldia Konpainia plazara, Foru plazan kontzertuak mantendu dira, baina aurten zenbait zehaztasunekin: kartela anitza da, emakumeen presentzia garrantzitsuarekin eta bertako musikaren presentziarekin. Gainera, hizkuntza aniztasuna ere garrantzitsua da. Kultur arloak guneak hartu ditu, lehen babesleek kudeatzen zituzten. Horrek esan nahi du Udalak hartu behar duela bere gain emaitza eta kostuen alde handiena, baina era berean erabaki ditzakeela zeintzuk diren oinarriak. Pozik gaude. Balio hauek landu behar ditugu jaietan, jaiak kultura errotzeko modua direlako: berdintasuna, aniztasuna, bizikidetza... Aniztasunari dagokionez, munduko musika izango dugu Antoniutin. Gainera, gestioa inoiz baino publikoagoa izango da. Haurrentzako programazioa ere inklusiboa izan da. Orain arte betatua izan den euskarazko programazioa eta gaztelerazko ekimen berriak sartu ditugu.

Zein da, zure iritziz, sanfermi- nen esentzia?
Mundu guztiak eroso sentitu behar du, eroso eta parte hartzaile. Herri izaera duten jaiak dira. UPNren gobernuetan galdu egin zen izaera, enpresa pribatuek gestionatzen baitzituzten festak. Ez dugu jaiak horrela antolatzeko modurik ulertzen, nahiz eta enpresa pribatuekin lan egiten dugun, produkzioan. Orain proposamenak mahaietatik datoz. Bestalde, jai parekideak dira sanferminak, sexu erasoak eta oldarkeria errefusatzen dituzten jaiak. Erabateko arbuiaketaz eta irmotasunez gaitzetsi behar dugu hori. Horrelako jarrerak ezin dira onartu XXI. mendean. Horretarako biolentziaren aurkako ikurrak kontzertu guneetan egongo dira ikusgarri besteak beste, eta musikaren %40-45 emakumeen eskutik ekarri dugu. Parekidetasunaren aldeko aldarrikapenak ere bere lekua dauka.

 

«Txupinazo egunean milaka pertsonaren energiak bultzatzen zaitu»

Nolakoak dira Maider Beloki zinegotziaren sanferminak?
Alkatetzak lan handia du jaietan, baina sailetakook ere badugu geurea. Lau pertsona gaude Kultur sailean eta ekimenetan eta elkarrizketetan parte hartu behar dugu. Niretzat hiru fase daude sanferminak bizitzeko unean: seme-alabak izan aurretik, izan ondoren eta zinegotzia izatean. Azken honek ez du horrenbesteko bat-batekotasunik, baina polita da ere, jaiak barnetik bizitzen direlako.

Ze unek hunkitzen zaitu bereziki?
Asko gustatu izan zaizkit betidanik entzierroa, konpartsa eta La Pamplonesa. Azken honek gogorarazten dit nongoa naizen eta hiri handi honetaz harro egoteko zergatiak ematen dizkit. Zinegotzi bezala ezagutza irabazi dut, lehen betiko gauzetara joaten nintzen.

Nolakoa da txupinazoa udaletxean?
Oso hunkigarria da. Iaz gogoratzen dut, balkoiak irekitzeko orduan, milaka eta milaka pertsona «San Fermin, San Fermin» oihukatzen ari zirela eta sortutako energiak atzera botatzen ninduela. Ez dut urduritasunik gogoratzen, iruindar orok duen irrika bai, baina urduritasuna txupinazo jaurtitzailearena dela uste dut. Gero, jendea agurtzeko eta hartzeko ordua da, elkarrizketak... Anfitrioiak gara, azken finean.

Iaz zeozer berria deskubritu al zenuen?
Aspaldiko partez erraldoien agurrera joan nintzen. Ekimen hurbila, polita eta anitza iruditu zitzaidan.