Mila atxilotu eta dozenaka zauritu izan dira zaleen arteko borroketan bihar amaitzen den Eurokopan
Bihar amaituko da Eurokopa, ISISeko jihadisten jomugan egon zitekeen futbol txapelketa jendetsua, Hollanderen Gobernuak ezarri nahi duen lan erreformaren aurkako mobilizazioen erdiaN.
Txapelketako lehen astean zaleen arteko indarkeria izan zen gauzarik aipagarriena, ikaragarriena; batez ere Errusiak eta Ingalaterrak Marseillan jokatu zuten partidaren harira izan ziren borrokak. Erasoen protagonistek beraiek zabaldu dituzte borrokon grabazioak, Eurokoparen izen ona kaltetzeko helburuarekin, nahiz eta UEFAko antolatzaileak tankera horretako irudiak zabaldu ez zitezen ahalegindu. Alfer-alferrik ordea.
«Gustatu ala ez, indarkeria futbolarekin lotuta dago», esan zion Carles Viñas adituak GARA egunkariari. Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak gaiari buruzko bi liburu idatzi ditu. Honela esan zion Joseba Vivancori: «Ezinezkoa da futbola bere testuinguru politikotik aldentzea. Lehiaketa estatuen artekoa denean, garaipenak Gobernuak baliatzen ditu aberriaren ideiaren inguruan herritarren arteko kohesioa indartzeko». Viñasen ustez, gatazkaren bat dagoen bakoitzean –laborala, nazionala edo geografikoa izanda ere–, egoera horrek isla izango du futbolean.
Vivien Couzelas “Hooligan baten buruan” izenburuko liburuaren egileak nabarmendu du ultra guztiak ez direla berdinak, batzuei borrokak baino ez baitzaizkie interesatzen, beste batzuek futbolari lehentasuna ematen dioten bitartean. Hooligan horietako batek esan omen zion bera ez zela ultra bat, estadiora futbola ikustera joaten zen zalea baizik, eta gero hartu zuela beste bide arriskutsu hori.
Marseillako zaleen erasoak
Marseillan izan dira istilurik larrienak. Ingalaterrak Errusiaren aurka jokatu zuen Mediterraneoko hirian eta oso borroka gogorrak izan ziren, estadioan bertan zein kanpoaldean. Hedabide askotan ingelesen eta errusiarren arteko borrokak aipatuta lasai asko geratu dira, baina egun hartako irudiak eta bideoak ikustea nahikoa da gauzak beste era batean gertatu zirela konturatzeko.
Couzelasek Euronews telebista kateari esan dionez, zale ingeles gehienak futbol partida bat ikustera joan ziren, beraien jokalariak animatzera, ez borrokara. Izan ere, Poliziak identifikatuta dauzkan ultra ingelesek (Alemaniako eta Herbehereetakoekin batera, Europako zalerik arriskutsuenak dira polizien arabera eta horietako ehunka dituzte fitxatuta) ez dute izan frantses Estatura joateko aukerarik, eta horrek, seguru asko, Ingalaterrako hooliganen arriskua erabat murriztuko zuen.
Infernua, larunbatean
Zer gertatu zen orduan, egoera horrenbeste gaiztotzeko? Dozenaka zauritu izan ziren, horietako bat oso larri. Partida larunbatean izan zen, ekainaren 11n, baina ostegunerako bazen arazorik Marseillan. Hiriko Olympique futbol taldeko zaleek botilak jaurti zizkieten ingelesei kai zaharraren inguruetan, eta mozkor-mozkor eginda zeuden kanpotar batzuek erantzun egin zieten. Begirale batzuek esan dute hasierako erasotzaileen helburu nagusia kanpoko zaleei kartera, telefonoa edo ahal zuten guztia lapurtzea zela, eta zutik egoteko gauza ez diren zale horiek oso biktima errazak dira, arazorik eragiten ez dutenak. Eta poltsikoa lodi-lodi izaten dute. Ostiralean ere tankerako arazoak izan ziren, baina erabateko infernua larunbatean iritsi zen.
«Errusiar batzuk borroka bila joan ziren Marseillara eta ondoren bertako zale batzuek esku hartu zuten gatazkan, ingelesekin aspalditik zituzten kontuak tarteko», Vivien Couzelasek egin duen irakurketaren arabera.
Istiluak saihestu nahian frantses agintariek alkohola saltzea debekatu zuten. Kasu askotan horrelako neurri batek indarkeria murrizten lagundu dezake, arazoa erabat konpontzera iritsi gabe. Baina Errusiatik borrokara propio etorritako ehunka zalek (300en bat, asko jota) ez zuten bat egiten hooliganen betiko ezaugarriekin: ingelesen bila abiatu aurretik ez zuten ezer edan, beraiek grabatu dituzten bideoetan garbi ikusten denez.
Zale ingeles batzuk, mozkor-mozkor eginda, zutik egoteko gauza ere ez ziren. Are gutxiago borrokan arrakasta izateko aukeraren batekin hasteko. Besteak, aldiz, Ingalaterrako hedabideek nabarmendu zutenez, Eurokopara joan aurretik “entrenamendu” edo “casting” modukoak egin zituzten Errusian bertan. Gainera, beraien asmoa oso garbi azaltzen zuten kamisetak prestatu zituzten: “Tour de France. Fuck Euro 2016. Storm over Europe 2016. Orel Butchers”. Hala, “Oriolgo harakinek” egindako elastikoak garbi uzten zuen “ekaitza” eragin nahi zutela Eurokopan. Baita lortu ere.
«Oriolgo harakinak»
Orel Butchers izeneko taldekoak Errusiako bigarren mailako Oryol futbol taldearen jarraitzaileak dira. Oriol hiria Moskutik 360 kilometro ingurura dago, hego-mendebaldean. Mosku hiriburuko Spartak eta Lokomotiv bezalako taldeen jarraitzaileekin batera joan ziren Eurokopara. Marseillan eta Lillen borrokan ibili ondoren, egindakoaren berri eman zuten sarean. Bere garaian “Testosterona” izeneko aldizkaria plazaratzen zuten, ideia arrazistak zabalduz: Kaukasoko jatorriko zaleak askotan izaten dituzte jomugan.
Jose Manuel Rios Corbacho zuzenbide penalean adituak “La Vanguardia” Bartzelonako egunkariari azaldu dionez, Errusiatik datorren futbol indarkeriak orain arteko eskema guztiak apurtzen ditu: «Ez dute zerikusirik eredu klasikoarekin, hau da, talde aurkariek estadioaren sarreran egiten zuten hitzordua beren kamiseta eta leloekin, eta mozkortu egiten ziren mutur joka hasi aurretik. Hori zen ingeles eredua eta ingeles askok gauza bera egiten dute selekzioa animatzera joaten direnean ere, asko edaten jarraitzen baitute. Errusiarrak ez dira horrelakoak; prestakuntza paramilitarra izaten dute, eta arma salerosketa eta bestelako delituetan ere nahastuta egoten dira. Dirudunek askotan erabiltzen dituzte bizkartzain moduan».
Ildo berean, Ronan Evain doktoreak “L’Equipe” Parisko egunkariari esan zion “hooligan” hitza bera ez dela egokia errusiar horientzat, «ondo antolatutako komandoak osatzen baitituzte». Bere ustez, eskuin muturrekoak dira eta “lan” ezberdinak egiten dituzte, nahikoa diru emanez gero: «Kazetari ezerosoak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta disidenteak egurtu, esaterako». 25 eta 35 urte bitartean izaten dituzte, eta horien artean ez da tripa-handirik izaten. Ingelesen artean, gehienak.
«Ingelesak atzelariak direla frogatzera etorri gara», zioten ustezko zale horiek, homofobia ere beraien ezaugarrien artean dagoela agerian uzteko.
Vladimir Kozlov idazle bielorrusiarrak “Fanaty” izenburuko liburua argitaratu zuen 2008an, Errusiako zale biolentoen inguruan. Marseillako istiluak direla-eta Vice News hedabidean argitara eman duen artikulu batean esplikatu du fenomenoa berria dela Errusian, Sobietar Batasunean ez baitzegoen horrelakorik. Berak egin dituen kalkuluen arabera, ez ziren pertsona asko: 70 eta 250 artean, besterik ez. Klub ezberdinen zaleak izan arren, elkarrekin joan ziren Eurokopara, selekzioa animatzera. «Alemaniarren, poloniarren eta ingelesen izenik oraindik ez badute ere, duela gutxi Europako mendebaldera joaten hasi dira beraien klubekin eta esku hartu izan dute liskarretan. Hala ere, normalean oso zale gutxi izaten direnez, alarma handirik ez zen eragin».
Agintariek, txalotu
Kozlovek gogora ekartzen du orain lau urte, Polonian eta Ukrainan egindako Eurokopan, Errusiak Poloniaren aurka jokatu zuela Varsovian: «Orduan 5.000 gizon errusiar joan ziren erdigunetik estadiora. Zaleen arteko borroka batzuk izan ziren, Polizia negar gasa eta gomazko pilotak botatzen hasi zen arte. Bertako agintariek eta hedabideek poloniar zaleei leporatu zieten ardura, eta gertakaria berehala ahaztu zen».
Vladimir Kozlovek berak eta beste begirale askok nabarmendu dute errusiar ustezko zale horiek txalotu egin dituztela agintari batzuek. Vladimir Markin Errusiako Ikerketa Batzordeko prentsa arduradunak, esaterako. Brice Robin Marseillako fiskalak adierazi zuen errusiar zaleak «borrokarako prestatuta» iritsi zirela hirira, eta Markinek zera erantzun zion, sare sozial baten bitartez: «Mutil normal batek, seguru asko, harritu egingo ditu. Gay harrotasunaren desfileko mutilak baino ez dituzte ikusten».
Igor Lebedev Duma Errusiako Parlamentuko presidenteordeak ere ondo ikusi zituen Eurokopara joandako zaleak: «Erradikalen arteko borroketan ez dut gauza txarrik ikusten. Alderantziz, gure mutilek oso lan ona egin zuten. Jarraitu horrela!».
Errusiako herritar batzuek bat egiten dute jarrera horiekin, eta diote ingelesek probokatu zituztela errusiarrak, Putin eta Errusia irainduta: «Badakit ez garela Europaren gustuko. Gutxienez hemendik aurrera beldurtu egingo ditugu», adierazi zien kazetariei Moskuko 40 urteko gizon batek.
Beste errusiar batzuk, berriz, lotsatuta daude: «Lotsa ematen dit. Animaliak dirudite. Horregatik atzerrira joaten naizenean ez naiz eroso sentitzen Errusiakoa naizela esanda».
Alemaniako neonaziak
DW Deutsche Welle Alemaniako hedabideak salatu du UEFA erakunde antolatzaileak indarkeria irudiak ezkutatzeko duen jarrera. Gogora ekartzen du Marseillako estadioan izandako borroken berri telebistako esatari alemanari esker izan zutela alemanek, antolatzaileek ez baitzuten irudirik eskaini. Gainera, gogora ekarri du Lillen Alemaniak eta Ukrainak jokatu zuten partida hasi aurretik, Alemaniako bandera zeramatzaten 50en bat zalek jarrera lotsagarria izan zutela, «hiriko plaza nagusian ikur neonaziak erakustera iritsiz. Alemaniako hedabideek horren berri eman zuten, Eurokoparen aurpegi ezkutua agerian jarriz, UEFAk ofizialki azaldu nahi ez duen hori agerian utziz».
DWkoek uste dute Europan azken urteotan nagusitu den krisiak, gazteek aurrera ateratzeko aukerarik ez ikusteak, eragin duen frustrazioa dagoela Eurokopako istiluen atzean. Edonola ere, Eurokopan izan diren zale gehienak ez dira borrokara joan, ondo pasatzera baizik. Eta horien artean, guztiek nabarmendu dituzte Irlandako bi selekzioen zaleak, eta Islandiakoak. Horko gazteek ez al dute frustrazio ekonomikorik? Alkoholak ez al die kalterik egiten?
Bideo barregarriak
Irlandako Errepublikako zaleek asko edan dute Estatu frantsesean, baina irakurleak sarean aurkituko dituen bideoetan ez da borrokarik ikusten, ondo pasatzea eta pasaraztea zer den oso ondo dakiten herritarrak baizik: beraiek sortutako hondakinak txukun-txukun jaso zituzten; trenean erdi lotan zegoen jaioberriari lo kanta abestu zioten; adineko moja bati, “Gure Aita”; frantses Poliziak dantzan ipini zituzten...
Irlandako iparraldeko selekzioa animatzera joandakoek ere nabarmentzeko moduko jarrera izan dute, eta beraiek lortu dute beraien abesti bat Eurokoparen ereserki ez ofiziala bihurtzea. Wigan Athletic taldeko zale batek bere etxeko egongelan eta pandereta baten laguntzarekin abesti ezagun eta zahar bat, Gala Rizzato italiarraren “Freedom for Desire”, moldatu zuen, Will Grigg jokalariaren izena erabilita (Eurokopan zegoen, baina entrenatzaileak ez zuen atera jokatzera). Bideoa ikaragarri hedatu zen sarean. Zaleak abestia aldatu ondoren, honela geratu zen leloa: “Will Grigg bolada onean dago, zure defentsa ikaratuta dago”. Ipar Irlandako selekzioaren zaleek bat egin zuten ereserki berriarekin eta partidak hasi aurretik, hasi eta gero eta amaitzean ere etengabe kantatzen zuten, bazter guztietan, normalean pinta garagardoa eskuetan zutela.
Atxilotu eta zigortu ugari
Bernard Cazeneuve Barne ministro frantsesak aste honetan bertan eskaini dituen datuen arabera, ekainaren 10ean hasi zen Eurokoparen inguruko istiluak direla-eta, milatik gora pertsona atxilotu dituzte, indarkeriarekin lotutako jarrerengatik. Atxilotu horietako 600 lagun inguru egun batzuk eduki dituzte giltzapean. Premiazko prozedura erabilita egindako epaiketetan 56 pertsona zigortu dituzte epaileek.
Gainera, Bernard Cazeneuvek erantsi zuen Ingalaterrako eta Errusiako 34 zale kanporatu zituztela zaleen arteko borroken eraginez, batez ere Marseillan ekainaren 11n izandako istiluengatik. Borroka horietan 35 pertsona zauritu zituzten, gehienak ingelesak.
Eurokopa dela-eta, 90.000 lagunek osatutako segurtasun zerbitzua prestatu zuten agintariek. Horietako 72.000 inguru poliziak eta jendarmeak ziren.