UEU
Interview
Gorka Menendez
Etnobotanikan doktorea

«Sendabelarrei buruzko jakintza zabaltzen ari da, baina ez da tradiziozkoa berreskuratzen, beste jakintza batzuk ikasten dira»

Ingurugiro Zientzietan lizentziatua eta Etnobotanikan doktorea da Gorka Menendez, eta hiru egun eman ditu bere ezagutza UEUko ikasleekin partekatzen, naturan zein ikasgelan. ‘Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora’ ikastaroa gidatu du, Haizea Quintasekin batera.

Ikastaroko irteera bat.
Ikastaroko irteera bat.

Astelehen eta asteartean bi mendi-irteera egin dituzue, landareak bertatik bertara ikusi, identifikatzen ikasi eta espezie bakoitzari buruzko informazio etnobotanikoa jasotzeko asmoz. Zein sendabelar aztertzeko aukera izan duzue?

Aramaio aldera joan gara, landaredia atlantikoa dagoen gune batera. Ibarratik Etxaguenera ibilbidea egin dugu. 60 bat landare ikusi ditugu: asuna, katarro eta gripeetarako erabiltzen dena; berbena, sinusitisarentzat; ereinotza, arbola bat baserritar kulturan garrantzi handia izan duena, baserria zaintzeko erabiltzen zena, eta katarroentzat ere balio duena,..

Denak dira oinarrizko zaintzari begirakoak.

Herri medikuntzan erabiltzen ditugun sendabelarrak oso larriak ez diren gaitzei lotuta egoten dira: tripetako minak, sinusitisa, zauriak,.. bestela, jendea ospitalera joaten da.

Sendabelar horiek denok etxeko botikinean edukitzeko modukoak dira, ez?

Bai. Garai batean, baserri guztietan egoten ziren horrelako botikinak, eta sendabelar asko eta asko behar zirenean jasotzen ziren, baserri inguruan.

Gaur egun hiriguneetan bizi gara gehienok, eta konplikatuagoa da…

Baina badaude kontserbaziorako aukerak: ukendu edo beratzea, adibidez.

Sendabelarrei buruzko ezagutzaren transmisioak etena izan zuen, baina badirudi orain berriz ere zabaltzen ari dela erabilera. Badakigu nola erabili behar ditugun? Ezagutzen ditugu gaizki erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuak?

Ahozko tradizioan etenaldia egon zen, bai, eta gaur egun, badago berriz ere halako interes bat. Jakituria hori baserritar gizarteari lotua dago, baina gaur egun, gazteek beste iturri batzuetara jotzen dute: internetera eta liburuetara. Bi corpus teoriko ezberdin daude, eta ezagutzak ere ezberdinak dira: aitite eta amamek landare jakin batzuk erabiltzen dituzte, era jakin batean; beren bilobek, beste batzuk ikasi dituzte. Beraz, sendabelarrei buruzko jakintza zabaltzen ari da, baina ez da tradiziozkoa berreskuratzen, beste jakintza batzuk ikasten dira.

Jakintza berri horiek kritikoak dira tradizionalekin edo beste tendentzia batzuk segitzen dituzte?

Kritiko baino, beste medikuntza batzuen eragina dute, adibidez, medikuntza txinatarrarena. Gaur egun landare usaintsuek -izpilikua, ezkaia,..- garrantzi handia hartu dute, bertako baserritar kulturan inoiz izan ez dutena.

Sendabelarrak era masiboago batean ekoiztu eta komertzializatzen dira egun. Era jasangarrian egiten da hori? Nola eragin du kalitatean?

Euskal Herrian ez dut uste halako presiorik dagoenik… jende gutxi ibiltzen da sendabelarrak batzen. Oraingoz, behintzat, jasangarritasunaren ikuspuntutik ez dago arazorik. Kalitateak, berriz, ez du zerikusirik, hori argi dago. Baserritarrek esaten dizute dendetan erositako kamamila ez dela kamamila: Gorbeian batzen dena dela benetakoa, indarra daukana eta osatzen zaituena. Badaude zentro naturistak, medikamentu ekologikoak egiten dituztenak, baina horiek gutxienekoak dira.

Osasungintza eta sistema ezberdinei buruz hausnarketzeko aukera ere izango duzue gaur. Uste duzu aurrerantzean urratsak emango direla alor akademikoan eta osasungintza publikoan bestelako medikuntzak integratze bidean?

Herri medikuntzak ikertzen ari dira: nik neuk tesia horri buruz egin dut. Euskal Herriko hainbat eskualdetan herri medikuntza ikertu eta sendabelarrak identifikatu ditut, eta etorkizunean, sendabelar horien konposizioa aztertu eta benetan baliagarriak diren azter liteke. Uste dut hori izango litzatekeela medikuntza ofizialean integratzeko era. Homeopatia, medikuntza txinatarra, eta horiek guztiak ez dakit erraz barneratuko lituzkeen, gaur egungo medikuntza ofizialak modu enpirikoan frogatu behar izaten baititu emaitzak. Medikuntza ofizialak baditu bere gabeziak; oso erredukzionista da: zu ospitalera sartzen zara birika bat bezala, edo giltzurrun bat bezala, eta ez dituzte zure arazo psikologikoak kontuan hartzen. Medikuntza alternatiboek lanketa holistikoagoa egiten dute, eta hori izan liteke medikuntza ofizialak barnera lezakeena.

Sistema bera, zuk diozun bezala, metodo zientifikoan oinarritzen da, baina gainera, mediku askok ez dute bestelako medikuntzei buruzko jakintza handirik, fakultatean ez baitute ikasten.

Hori da. Nik uste badaudela aukerak landareak eta beren konposizioa ikertzeko, edo akupuntura, gorputzeko energia puntuak badauden, betiere, metodo zientifikoa segituta. Ez dut uste sistema osoak integratuko direnik, baina elementu batzuk, bai.

Eta edozein herritarrek, nora jo lezake informazio fidagarri bila?

Badago liburu oso ezagun bat, El dioscorides renovado, Erroma Klasikoko autore batena. Landare askoren sintesi bat da, eta bakoitza zertarako erabiltzen zen azaltzen du. Pio Font Quer katalanak berrikuspen bat egin zuen, eta erreferentziala izaten segitzen du. Edozein kasutan, lehenik, norberak bere etxean, bere herrian galdetu dezala, gure herrietako jakituria gorde, eta gero, handik eta hemendik aberasten joateko. Nik uste garrantzitsua dela euskal kulturaren parte diren ohitura horiek ezagutzea: euskal dantza bezala, euskal sendabelarrak ere baditugu, baserritar tradizioaren parte direnak, eta belaunalditan zehar transmititutako jakituria da hori. Nik uste baduela balio bat, oinarri bat.