UEU

Errelato eta eredu hegemonikoak arrakalatzen

Kartzela eta Euskal Gatazka ikuspuntu feminista batetik birpentsatu dituzte UEUko udako ikastaroetan. Emakumeek hitza hartzen dutenean egungo kontakizunari «pitzadurak agertzen zaizkiola» adierazi dute.

Arantza Santesteban eta Oihana Etxebarrieta.
Arantza Santesteban eta Oihana Etxebarrieta.

Euskal Gatazkaren inguruko diskurtsoak ugariak dira azken aldian; gatazka amaitu gabe dagoen honetan, bakea, konponbidea eta normalizazioa darabiltza askok ahotan. Baina bakea ez da erabatekoa; ez, behintzat, denontzat. Mugimendu Feminista azken urteotan aldarrikatzen ari denez, emakumeok gatazkan segitzen dugu: ez dago bakerik emakumeontzat. «Zer da bakea?», – galdegin du Oier Azkarragak -:«Bakea indarkeriaren onarpen hutsa da. Ez da bakerik egongo sistema patriarkalak emakumeen kontra egiten segitzen duen bitartean».

Azkarraga Herri Mugimenduko kide eta gizarte psikologoa da, eta Ohiana Barrios Jaiki Adiko kide eta psikologoarekin batera, Kartzela eta Euskal Gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabideanikastaroa antolatu du UEUren udako ikastaroen baitan. Gatazkaren eta gatazken inguruko hausnarketak sustatu nahi izan dituzte, kartzelari begirada berri bat emanez, gertatutakoaren errelato feminista egin nahian.

Oihana Etxebarrieta kazetari, ikertzaile eta Bilgune Feministako kidea eta Arantza Santestebanhistorialari eta Mugimendu Feministako kidea -preso egondakoa-, izan dira lehen hizlariak, eta borroka imajinarioen irakurketa feminista egin dute, batik bat, Euskal Gatazkari lotutako dokumental eta filmetan oinarrituta.

Pitzadurak errelatoan

Santestebanek azaldu duenez, iruditeriek osatzen dute errelatoa, eta ez dira neutroak; ez da kasualitatea nazio guztiek iruditeria propioa izatea. Euskal identitatearen imajinarioaren abiapuntua folkloriko eta «sabinianoa» da, abertzaletasun modernoari lotutakoa. Gerora, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquertek 1968an zuzendutako Ama Lur filma mugarri izan zen: nazioarteari Frankismoak erakusten ez zuen euskal identitatea zer zen kontatzeko saiakera izan zen. Santestebanen hitzetan, filmean euskalduna «izate berezia da, partikularra», eta «heroizidade puntu bat» dauka. Baina euskalduna, ezer izatekotan, gizonezkoa da.

Gizonezkoek osatu dute historiaren kontakizuna, eta historialariak beste hainbat filmetan aztertu duenez, emakumeek hitza hartzen dutenean, «pitzadurak agertzen zaizkio» errelatoari, eta deseraiki egiten da «heroizidade» hori. Etxebarrietaren iritziz ere, andreek termino «intimo eta ausartagoetan» hitz egiten dute gatazkaren gordinaz, hiltzeaz; askotan, «politikoki eraikitako diskurtsoaren kontra». Hauen kontakizun pertsonalek apurtu egiten dituzte hainbat mito, adibidez, kartzelan dagoen gizonezko gudaria eta kanpoan zain duen andre zaintzailearena.

«Zer jo da garrantzitsutzat gatazkaren kontaketan?», -galdegin du Etxebarrietak-, «eta zergatik utzi dituzte emakumeek eurentzat garrantzitsu edo gogorrenak izandako gertaerak isilean?».

Erresistentziaren epika berri bat eraikitzeko beharraz aritu dira biak. Etxebarrietak Tortura Euskal Herrian dokumentaleko sekuentzia bat ekarri du, epika horren parte izan litekeen adibide gisa. Lau abokatu agertzen dira bertan, denak emakumeak, eta torturak egin dituen Guardia Zibilari galdeketa egiten diote. Abokatuek dialektikoki armagabetu egiten dute torturatzailea. Santestebanek, bestalde, espazio publikoan hain agerikoak ez diren borrokak ekarri ditu gogora, adibidez, «austeritate» neurriek eragin duten pobrezia eta prekarietatearen kontra saretu eta antolatu diren emakumeena.

Gizontasunaren kartzelatik ihesean

Oier Azkarragak espetxean egondako gizonen testigantzak hartu ditu oinarri, eta gizontasunaren eraikuntza, hizpide: «Kartzela hetero-patriarkatuaren beste tresna bat da, erakunde bat, erakunde integral bat, azken finean. Kartzelan genero rolak indartu egiten dira, zeharo indartu ere».

Baina arrakalak ere sortzen dira. Kartzelan egondako pertsona askok aipatzen dute esperientzia horrek euren burua «apurtu» izana, eta hainbatentzat, apurtze hori aukera ere izan da: bestelako nortasun eta maskulinitate bat eraikitzeko aukera. Kartzelako langileen gizontasun ereduaren kontra ere eraiki du hainbatek eredu berri hori.

Ikastaroko partaideen arteko elkarrizketa bezala planteatu du Azkarragak bere tartea, eta askok hartu dute hitza. Mari Luz Esteban, esaterako, apurtze horrez aritu da, eta planteatu du interesgarria litzatekeela esanahia aztertzea, askotan eta askori entzun baitie, baina hitz polisemikoa delakoan dago.

Homosexualitateaz ere luze aritu dira. Azkarragak elkarrizketatu dituen pertsonek ez dute aipatzen kartzelan homosexualitatearen kontrako eraso bortitzik ikusi izana, baina kartzelako giroa oso homofoboa dela adierazten dute: «Irain bezala erabiltzen da, subalternoaren eredu bezala, eta beti eransten zaio ‘a’ amaieran, feminitatearekin lotuz min handiagoa egingo duela pentsatuta».

Sexu bereko pertsonen arteko afektibitatea eta praktika sexualak gehiago ezkutatzen dira gizonezkoen kartzelatan. Oier Gonzalezek, preso egondakoa bera, azaldu du afektibitatea anaitasunez mozorrotzen dela, eta gizonen arteko sexuaz bortxaketa edo menperatze terminoetan hitz egiten dela.

Emakumeen erruaren kondena

Preso politiko ohiek espetxetik atera ondoren dituzten bizipenak genero perspektibatik aztertu ditu Leire Barberena gizarte langileak bere ikerketan, eta ezberdintasun esanguratsuak antzeman ditu gizon eta emakumeen artean.

Espetxetik irtetean jendeak «preso politiko ohi» gisa ikustea gizonentzat «militantziaren parte» da; andreek, berriz, okerrago daramate etiketa hori.

Guraso eta bikotekideek hartu ohi dute zaintzaren zama handiena, bai kartzelaldian baita ondoren ere, eta harremanak ez dira errazak izaten. Gurasoen etxera itzuli diren neskentzat gogorragoa izaten da itzulera, gurasoek gehiegi babesteko joera handiago izaten baitute.

Gainera, zaindu dituzten horiekiko zorretan daudela sentitzen dute gizon zein emakumeek, baina ezberdin egiten diote aurre sentimendu horri: adibidez, emakume askok bikote harremanak eten egiten dituzte, espetxean zein kanpoan, beren kideari sufrimendua ekidite aldera.

Oihana Etxebarrietak azaldu duenez, harreman heterosexualetan, andreek beti pentsatzen dute bestea okerrago pasatzen ari dela, kartzelan dagoena bata zein bestea izan. Gizona denean preso dagoena, aldiz, aintzat ematen da emakumeak berarekin segituko duela, eta gainera, ikastaroko hainbat partaidek aipatu dutenez, hala ez egitea gogor epaitzen da.

Arantza Santestebanen hitzetan, espetxetik irtetean erabaki behar izaten dute sartu aurretik zirena izaten segituko duten ala beren identitatea berreraikiko duten, eta oso une gatazkatsua izaten da hori: berarentzat, kartzelako esperientzia osoan, gogorrena. Zentzu horretan, Barberenak azaldu du emakumeei gehiago leporatzen zaiela aldatu izana.

«Errelatoa kartzelaldiaz egiten dugu; badirudi ateak irekitzean amaitu dela dena, baina batzuetan, orduan hasten da», ohartarazi du Etxebarrietak. Preso politiko ohi askorentzat oso konplikatua izaten ari da paradigma politiko berriko militantzian beren tokia topatzea. Ohiana Barriosek kontatu du ETAren armagabetzetik hona askok jo dutela Jaiki Hadira politikari buruz «konfidantzaz» hitz egiteko beharrez.

Barberenak erantsi du, saioari amaiera emanez, preso ohiak zaindu eta babestu egiten ditugula espetxetik irteten direnean, ezbairik gabe, baina tentuz hausnartu beharko genukeela babes hori nola ematen diegun.