NAIZ
donostia

Asteburuan erabakiko dute Errusia Rioko Joko Olinpikoetatik baztertuko duten ala ez

Nazioarteko Batzorde Olinpikoak asteburuan erabakiko du Errusiak Rioko Joko Olinpikoetan parte hartu ahal izango duen. Nazioarteko Atletismo Federazioak atleta errusiarrei kirol lehiaketetan parte hartzea galarazi die, txosten batek Errusiak dopin sistema bat bultzatu zuela zabaldu ostean.

Sochijo Jokoetan dominak lortu zituzten hainbat kirolari errusiar. (Kazuhiro NOGI/AFP)
Sochijo Jokoetan dominak lortu zituzten hainbat kirolari errusiar. (Kazuhiro NOGI/AFP)

Nazioarteko Batzorde Olinpikoak ohar batean jakinarazi duenez, datorren asteburuan erabakiko du Errusiako kirolariak Rioko Joko Olinpikoetatik baztertuko dituen ala ez.

2014ko Sochiko Neguko Jokoetan Errusiak dopin sistema bat bultzatu zuela dioen McLaren txostena ongi aztertuko duela adierazi du Batzorde Olinpikoak, eta kontuan hartuko dituela TAS Kirol Arbitraje-epaimahaiaren ebazpena, Munduko Dopinaren aurkako Kodea eta Karta Olinpikoa.

Gainera, dopinetik «garbi» dauden kirolariei ze tratamendu eman behar zaien ere aztertuko duela adierazi du.

McLaren txostena zabaldu ondoren, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) atleta errusiarrei nazioarteko kirol lehiaketetan parte hartzea eragotzi zien. 68 atletak helegitea aurkeztu dute eta TAS gaur hasi da helegite hori aztertzen.

McLaren txostenaren arabera, errusiar atleten dopina «sistematikoa eta instituzionalizatua» zegoen eta ahalik eta domina gehien lortzea zuen helburu.