NAIZ
DONOSTIA

Uztailaren 31n eta abuztuaren 7an hondartzetara joko du Etxeratek, kartzela politika salatzeko

Salbuspeneko kartzela politika eta dispertsioaren «anomalia» salatzeko, Etxeratek elkarretaratzeak egingo ditu uztailaren 31n eta abuztuaren 7an Euskal Herriko hainbat hondartzatan, eguerdian. Deba, Zarautz, Orio, Donostia, Gorliz, Plentzia, Laida, Lekeitio, Ondarroa, Bakio, Muskiz, Laidatxu eta Ean izango dira presoen senideak.

Hondartzetako ekimena aurkeztu du Etxeratek Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Hondartzetako ekimena aurkeztu du Etxeratek Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Euskal preso politikoek eta haien senideek pairatzen duten egoera lau haizetara zabaltzeko urtero hondartzetan egin ohi dituen mobilizazioak aurkeztu ditu Etxeratek.

Aurten uztailaren 31n –Gorliz eta Plentzia, 12.00etan– eta abuztuaren 7an izango dira elkarretaratzeak, azken hauek Deba, Zarautz, Orio, Donostia, Laida, Lekeitio, Ondarroa, Bakio eta Muskizen, 12.00etan, eta Laidatxu eta Ean, 13.00etan.

Agerraldian nabarmendu dutenez, ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuenetik presoen senide eta lagunentzat egoera ez da «ezertxo ere» aldatu eta duela «bost, hamar edo 27 urte bezala» daude, «salbuespeneko politika baten ondorioak pairatzen».

Duela 27 urte sakabanaketa politika indarrean ezarri zutenetik senideek beren borondatez egiten ez dituzten bidaietan bizitza arriskuan jartzen dutela gogora ekarri dute. Dispertsioa duela hiru hamarkadatik indarrean dagoen «anomalia» bat dela salatu dute, eta bultzatu zutenek nahiz alde daudenek erabiltzen dituzten argudioek «mendekuari» erantzuten diotela nabarmendu dute.

«Normaltasunez hartua izatea onartu ezin dugun anomalia bat da, euskal gizarteak ezin duelako normaltasunez bizi, ehunka familien gainean, milaka pertsonen gainean, dispertsioaren ondorioen zama erortzen delako: oinazea eta mina».

Horregatik, «isilarazitako egoera bati ahotsa emateko» uztailaren 31n eta abuztuaren 7an hondartzetan izango da Etxerat. Sakabanaketak eragiten dien herritarrei dei egin die, elkarretaratzeetan parte har dezaten.

«Ardurarekin dugun hitzordua da, dispertsioa desagertzen denean pertsona ororen giza eskubideekiko errespetuak mendekuari tokia hartuko diolako», adierazi dute.