NAIZ
DONOSTIA

Jacques Beckerren atzera begirakoak bere filmografia osoa eskainiko du Zinemaldian

Donostia Zinemaldiaren 64. edizioak atzera begirako bat eskainiko dio Jacques Becker zinemagile frantziarrari, bere film guztiak barne hartuko dituena. Bere semeak, Jean Becker zinegileak, Donostiara bidaiatuko du aurkezpenean egoteko.

Jacques Becker.
Jacques Becker.

Jacques Becker Parisen jaio eta hil zen (1906-1960), eta hamahiru film luze besterik ez zituen egin denbora tarte labur samarrean; 1942tik 1960ra hain zuzen. Kopuruz urria dirudien arren, maisulanetan oparoa izan zen bere ibilbidea. Horren adibide dira ‘Casque d’Or’ (1952), ‘Touchez pas au grisbi’ (1954) eta ‘Le Trou’ (1960) filmak, nahikoa eta gehiago direnak Estatu frantseseko zinemaren historiako egilerik garrantzitsuenetako bat dela esan ahal izateko.

Zinemaldiaren 64. edizioak atzera begirakoa eskainiko dio zinemagile honi. Atzera begirako honek Beckerren film guztiak barne hartuko ditu. Gainera, Pierre Prevertekin errodatutako ‘Le Comissaire est bon enfant, le gendarme est sans pitié’ 40 minutuko filma eta ‘La Vie est à nou’, non Jean Renoirren laguntzaile izan zen.

Ideologiaz komunista zen, baina ez zuen sekula zinema soziala landu, ez bederen zentzu hertsian.

Klasizismoa igartzen da haren hasierako estiloan, baina berehala heldu zion modernotasunari, eta halabeharrez findu okupazio-garaian eta gerraostean. Ez da harritzekoa ‘Cahiers du cinéma’ aldizkari ospetsuko kritikari saldoak Estatu frantseseko gerraosteko zineman ontzat eman daitekeen zuzendari bakanetako bezala izendatzea; izan ere, Truffaut, Godard eta tankerakoen iritzian –akademizismoaren etsai amorratuak haiek–, Renoir maisuaren parean dago Becker, zehazki, Jean Cocteau, Jean-Pierre Melville, Max Ophüls, Robert Bresson eta Jacques Tati egileen maila berean.

Izugarri zaintzen zituen xehetasunak, bai barnealdean birsortutako garai bateko dekoratuetan, bai kanpoaldeko grabaketetan, eta dotorea zen eszenaratzean zein atmosferak sortzen, ‘Casque d'Or’ filmeko atmosfera erromantiko eta bortitza kasu.

Beckerrek inpresionismoa eta errealismoa uztartu zituen, arreta berezia eskaintzen baitzien kontakizunaren ingurune historikoari eta pertsonaien psikologiari. ‘Cahiers du cinéma’ aldizkariko kritikariek modernotasuna sumatu zuten zinemagilearengan, eta, gerora, kritikariok eurek ipini zuten praktikan errealizazioaren bideari heldu ziotenean, Nouvelle vague deitutako mugimendu hartan.

Donostia Zinemaldiak antolatu du zikloa, Zinemateka espainiarraren laguntzarekin. Zikloa osatzeko, zinemagileari buruzko liburu bat argitaratuko da, Quim Casasek koordinatuta. Beckerren semeak, Jean Becker errealizadoreak, atzera begirakoaren aurkezpenerako Donostiara bidaiatuko du.