«Ederra izango da Mirentxuren lana berriro ere plaza publikora ekartzea»
Bere ibilbide profesionala zinemaren inguruan garatu badu ere, «Irrintziaren oihartzunak» da zuzendari bezala sinatu duen estreinako filma. Mirentxu Loiarte zinemagile nafarrak 70 eta 80ko hamarkadetan egindako lana goratzea eta ezagutaraztea du helburu lanak.
Mirentxu Loiarte da filmaren abiapuntua. Zergatik hautatu duzu pertsonaia hau?
Ez delako publiko orokorrak ezagutzen duen pertsona bat. Nik orain zortzi urte inguru ezagutu nuen, Euskadiko Filmategiaren artxiboan bere obraren gaineko ohar batzuk aurkitu nituenean. “Nor da emakume hau?”, galdegin nion neure buruari, inork ez zidalako sekula Mirentxu eta bere obraren gaineko aipamenik egin, eta harritu egin nintzen: euskaraz ere filmatu zuen emakumea, 1978an Kalitate Zinematografikoaren Sari Nazional espainola jaso zuena “Irrintzi” filmagatik, “Euskal emakumeak” izena daraman lan bat ere egindakoa... Gehiago jakin nahi izan nuen eta Zinemaren Historian katedraduna den Santiago de Pablorengana jo nuen galdezka, baina, bitxia bada ere, berak ere ez zuen gehiegi ezagutzen. Ikerketa akademiko bat abiatu nuen, jakingura areagotu zitzaidan eta, azkenean, filma egitea erabaki dugu. Uste dut ederra izango dela berriro ere plaza publikora ekartzea emakume honen lana.
«Irrintzi» da bere lanik esanguratsuena. Ze eragin izan zuen 70eko hamarkadan?
Eragin ezberdinak izan zituen. Batetik, nolabaiteko zentsura pairatu zuen baina, bestetik, 78an lehen aipatu dudan sari garrantzitsu hura eskuratu zuen... Garai hartan bizi ziren kontraesanen emaitza izan zen.
Larruquert eta Agirresarobe bezalako profesionalekin lan egin zuen, kalitatezko bi obra osatu zituen, saritua izan zen... baina ez da garaiko beste batzuk bezain ezaguna. Zergatik?
Galdera hori behin baino gehiagotan egin diot neure buruari. Eta ez dut erantzun bakarra aurkitzen. Behin baino gehiagotan ibili zen erbestean eta horrek zinemagintzatik aldentzea eragin zuen baina, hala ere, orain arte emakume honek ikusgarritasun handiagoa ez izateak harritu egiten nau. Inork esan dezake film bi besterik ez zituela egin, laburrak eta esperimentalak zirela... baina kalitatezko filmak dira, euskaraz filmatu zuen lehen emakumea da, aitzindari bat da eta badu bere pisua.
Zer ikusiko dugu «Irrintziaren oihartzuna» filmean?
Filma erretratu inpresionista bat da. Dokumentalgintza konbentzional edo periodistikotik urrundu eta sorkuntza libre bat egin dugu. Emakume honen obra eta ahotsari ikusgarritasuna ematea izan da gure asmoa, filmak orain arte ezagutu ez dugun Euskal Herriko zinemagintzako pertsonaia garrantzitsu bat ezagutzeko aukera emango duela uste dugu.
Erraz erakarri duzue Loiarte esperientzia honetara?
Berak ia 80 urte ditu eta kosta egin zaio berriro ere plaza publikora ateratzea. Hurbiltzea astiro-astiro joan da, lantaldean jarri genuen lehen araua gerturatzea errespetu handiz egitea izan zelako, batez ere berak ez zuelako hasiera batean kameren aurrean agertu nahi. Bera gustura sentitu den arte ez dugu bere irudia kameren bidez hartu. Filma, gainera, autokudeaketa bidez landu dugu...
Autoekoizpenaren bidea luzea izaten da.
Luzea eta nekeza bai (barreak). Pelikularen nolakotasunak eta diskrezioz eta samurtasunez gerturatzeko nahi horrek ekipo txikian lan egitera eraman gaitu, gehienez hiru pertsona egon gara filmaketetan: bi kamera eta soinu teknikaria. Nekeza da ekoiztetxe batek eman diezazukeen makineriatik kanpo lan egitea. Lan hori guztia Saioa Etxebarria eta bion artean egin dugu eta ordu asko izan dira.
Urteak daramatzazu zinemagintzaren inguruan lanean. Zergatik orain lehen filma? Istorio hau kontatzeko beharrak eraman zaitu filma egitera?
Oso era naturalean sortu da prozesu guztia. Orain zortzi urte ezagutu nuenetik tarteka ikertzen joan naiz eta ikusi nuen ikerketa akademikoetatik eratortzen diren materialak arlo akademikoan geratzen direla. Dokumental edo pelikula bat egitea zen jende gehiagorengana iristeko geneukan baliabidea, eta nik horixe irakasten dut; EHUn zinema egiten, ikusten, sortzen irakasten nabil eta kontatzeko istorio bat bageneukanez, neure egitea erabaki nuen.
Zinemaldian aurkeztuko duzu. Etxean estreinatzeak halako xarma bat baduela esan ohi da.
Badu xarma, baina baita zailtasuna ere. Zirkuitua kanpoan egiten duzunean pelikulak pisu handiagoa duen irudipena izaten dugu, eta etxean, aldiz, oso kritikoak izaten gara hemen barruan egiten diren gauzekiko. Niretzat oso polita izango da, Zinemaldiaren inguru horretan estreinatu zelako “Irrintzi” bere garaian, eta orain berriro Mirentxu Zinemaldian ikustea bere pelikulari buruz hizketan... Esperientzia polita izango da.