Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Sentimendu onak piztu arren, «Jätten» suediarrak ez ditu ikusleak asebete

Petanka eta erraldoi bat lagun dituela, amarekin elkartu nahi duen gazte autista baten istorioa kontatzen du Johannes Nyholmen lehen film luzeak –haurtzaroan banandu egin zituzten–. Dokumental itxura eta fikzioa batzen ditu aktore profesionalek eta amateurrek antzeztutako pelikulak. Kursaaleko ikusleen artean iritzi kontrajarriak piztu ditu.

Aniztasun funtzionala duen eta amarekin elkartzea amesten duen gazte bati buruzko ipuin tristea da Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiaketara aurkeztutako lehen film suediarra. “Jätte” (“The Giant”) Johannes Nyholm zuzendariaren opera prima, baina, ez da ulertzen erraza. Nahiz eta protagonistarekiko enpatia eta sentimendu onak eragin, iritzi kontrajarriak piztu ditu. Atzoko proiekzioaren ondoren ikusleen txaloak jaso bazituen ere, hainbatek amaitu aurretik joatea erabaki zuten.

Rikard 30 urte betetzear da eta amarekin elkartzea da nahi duen bakarra. Haurtzaroan banandu zituzten, jaiotzetik Rikardek dituen deformazioak onartu ezinda amak psikosia garatu ostean. Mugikortasun mugatua izateaz gain, gazteak autismoa du eta buruaren erdia hartu dion tumorearen ondorioz begibakarra ere bada. Zailtasunak zailtasun, baina, petanka jokalari bikaina da. Roland lagunarekin batera Iparraldeko Europako txapelketa irabaziz gero amarekin berriro elkartuko dela uste du. Bere onena emango du helburua lortzeko, baina bidean oztopoei eta zorigaitzari aurre egin beharko die. Nyholmek berak idatzi du gidoia bere bizipenetan eta haurra zela izandako amets batean oinarrituta. «Irudipen arraro bat izan nuen: besteekin ezin nuela komunikatu, ezta haiek nirekin ere. Hori da protagonistaren psikearen jatorria», azaldu zuen hiru aktore nagusiekin eta ekoizlearekin emandako prentsaurrekoan.

Sinopsiak iradoki dezakeen iluntasuna eta tragikotasuna «argiz eta umorez» betetzen ahalegindu da zinemagilea, «egoera zailenetan ere arrakasta izateko aukera badela eta itxaropenak bere tokia baduela islatzeko. Amaierak horrekin lotura estua du». Izan ere, filmari izena ematen dion erraldoiak «pertsona txiki batek, indar gehiegi ez duela badirudi ere, bere baitan unibertso osoa gorde dezakeela adierazi nahi du».

Dokumental itxura eta fikzioa batzen ditu filmak. Aktore amateur eta profesionalek antzeztua, «muturreko pertsona eta egoerak erakutsi arren, existitzen direla eta ados egon gabe ere parte hartzen duten sentimendua» transmititu nahi izan du Nyhomenek. Horretarako, pertsonaiekin konektatu eta haiei kolorea gehitzeko bizipenak dituzten pertsonak aukeratu ditu. Protagonista jokatzen duen Christian Andren aktoreak, esaterako, bere sendian ditu autismo gaixoak. Anna Bjelkerud eta Johan Kylen aktoreek, hasiberriekin lan egitea zaila izan ohi dela onartu arren, zuzendariak emandako askatasunak eta segurtasunak lana asko erraztu zuela aitortu zuten.

Finantzazio arazoak

Film laburrak eta musika bideoak egiten eskarmentua duen zuzendari suediarrak, lehen lana gauzatzeko finantzazioa lortzea zaila izan zela onartu zuen. Petankak horretan zerikusia izan zuela zehaztu zuen. Izan ere, istorioan berebiziko garrantzia izan arren, ez da oso zinematografikoa. Hala ere, ondo jokatuta magikoa dela uste du Nyholmek. «Meditatzea bezala da, geldi eta kontzentratuta egotea eskatzen du. Rikardek bizi duen barne bidaiarekin bat egiten du eta bere adimenarekin magia egiten saiatzearekin».