Galder Perez

Eserita ikasi

Ramon Bareak jaso zuen Zinemaldian euskal zinemaren ohorezko saria. Merezitako esker onaren harira egindako elkarrizketetan autodidakta izaera behin eta berriz nabarmendu du. Zenbat diren haien kabuz ikasi eta sekulako artelanak egiteko gai direnak. Autodidakta ezagunak aipatuta, nork ez du Leonardo da Vincirekin pentsatzen? Gurera etorrita Maurizia Aldaiturriaga pandero jotzaile ordezkaezina edota aurrekoa astean 7k-ko orriotan agertu zen Eulalia Abaitua argazkilaria. Euskal Herrian XIX. eta XX. mende hasieran ez zegoen bertso, antzerki zein trikiti eskolarik, ez eta argazkilaritza ikastaro trinkorik ere; eta are gutxiago emakumeentzat, jakina. Norberak bere kabuz ikastea zen modu bakarra. Ezkutuan askotan, jarduera klandestino bezala. Etxean panderoa jotzen ikusi eta entzun, ondoren errepikatzeko, berrintrepetatzeko eta birsortzeko. Behartuta kanpora irten eta, behin irudia ezagututa, bat-bateko maitemina bezala horretan jardun eta berritu nahi. Beldurrak baztertuta senak dioenari jarraituz taula gainera arriskuz irten.

Baina autodidakta izatea aukerazkoa izan daiteke batzuentzat, eta beste batzuentzat, aldiz, ikasteko aukera bakarra, beste erremediorik ez duenaren irtenbidea, alegia, aipatutako artisten kasuan,0 bezala. Diziplina handia eskatzen du aukeratutako horren gainean sakondu nahi bada. Egia da egiten, ikasten eta, zergatik ez, sentitzen dugunaren autodidakta garela denok, neurri batean. Norberak bere kabuz barneratutako lezioak sakonen geratuko diren horiek dira, izan ikasketa zein bizi esperientzia. Umeago ginenean gaztetxeetan ezagutu genituen hainbat lagunek bezala, miretsi izan ditugun hainbat idazlek eta musikarik bezala, lurra zapalduz, arriskatuz eta ingurukoak ezagutuz ikasten du autodidaktak. Halako autodidaktek, gainera, apaltasuna nagusi izan ohi dute eta akatsetatik ikasi ohi dute. Esperientzia eta elkartruke horretarako ezinbestekoa da taldea, kolektiboa, etengabeko hartu-emana.

Autoikaskuntzaz jarduten da asko orain. Internet eskura duen edonork jakintza osoa eskura omen dauka. Sarean galdera guztiak asetzeko moduko materiala omen dago. Ugaritu ziren aspaldi pantaila aurreko autoikaskuntzarako akademiak eta ia edozein materiaren gaineko on line ikastaroak ere badira. Horrela, edonork sinets dezake musikaria dela, diseinatzailea, programatzailea, komunikazioan aditua. Baina nork, zerk eta nola ordezkatuko du edozein jakintzak ezinbestekoa duen haragizko esperientzia eta arnas trukaketa? Lasai, ez dugu arnasa eta haragiaren beharrik, zorionekoak baikara. Azkar asetzen dugu jakingura etxean eserita bakarka, denetik txukun jakinez eta dotore ikasten, ezertan saiatu gabe, patxadaz eta norbera bere autodiziplina alferrean ito gabe. Esaterako, modako bainujantzi estua jantzi, igerileku txano “fosfoa” buruan ipini eta puntako betaurreko aerodinamikoak erosiz, sekula uretan sartu ez bagara ere, nork pentsa dezake igeri egiten ez dakigunik. Zerbait gehiago behar da, ala? Eta don’t worry, uretan hiltzeko zorian gaudenean etorriko da sarean eta eserita igerian ikasi duen soroslea gu salbatzera.