NAIZ
DONOSTIA

Europa osoko 400 ekarpen baino gehiago, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko

Hizkuntza gutxietuen alde lanean ari diren gizarte zibileko elkarteek, Euskal Herrian zein Europa osoan, 400 ekarpenetik gora egin dituzte Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko. Abenduan aurkeztuko da publikoki.

Paul Bilbaok eta Asier Basurtok eman dituzte Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko prozesuaren inguruko xehetasunak. (NAIZ)
Paul Bilbaok eta Asier Basurtok eman dituzte Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko prozesuaren inguruko xehetasunak. (NAIZ)

Donostia 2016 Fundazioaren ordezkariak, Asier Basurtok, eta Kontseiluaren idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, agerraldia egin dute, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa prestatzeko prozesuak hasieran jarritako helburu guztiak bete dituela jakinarazteko.

Bilbaok esan du prozesua arrakastatsua izan dela eta lortu egin dutela hizkuntza gutxiagotuen berreskurapenean lan egiten duten Europako gizarte eragileek elkarrekin proposamen bat adostea.

«Etorkizunari begirako tresna eragingarria izango da Donostiako Protokoloa», nabarmendu du Bilbaok.

400dik gora ekarpen

Prozesuaren baitan Euskal Herrian egin diren bilkurez gain, honako tokietan ere egin dira aurkezpenak: Katalunia, Galizia, Irlanda, Glaes, Frisia, Brusela, Asturias, Norvegia, Flensburg (Alemania) eta Estonia. Horrez gain, Sardinia, Korsika, Bretainia eta Eskoziarekin, besteak beste, bideokonferentzia bidez egin dira aurkezpenak.

Agerraldian azaldu dutenez, toki horietako gizarte zibileko elkarteek 400etik gora ekarpen egin dituzte.

Hala, Donostiako Protokoloak 150-180 inguru neurri izango dituela jakinarazi dute, bai eta horiei dagozkien adierazleak ere.

Urriaren 25ean Talde Antolatzaileak bilera egingo du protokoloaren testua itxitzat eta gizarte eragileen berrespenari ekiteko.

Abenduaren 15ean, Donostian egingo den Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroaren lehen egunean, protokoloaren aurkezpena egingo zaie adituei.

Bi egun beranduago, 17an, DSS2016EUk eta Kontseiluak testuaren aurkezpen ekitaldia egingo dute.