NAIZ
DONOSTIA

Rafa Diez aske uzteko exijitu du Sortuk, ‘Bateragune’ auziaren zazpigarren urteurrenean

‘Bateragune’ auziak zazpi urte bete dituela-eta, ezker abertzalearen estrategia aldaketa «zapuztu» nahi zuela azpimarratzeaz gain, oraindik espetxean dagoen Rafa Diez Usabiagaren askatasuna exijitu du Sortuk. Igandean, LABeko Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnika joango zaizkio bisitan sindikatuko idazkari nagusi ohiari El Duesoko espetxera.

Rodriguez, Jacinto eta Zabaleta, iaz Donostian Rafa Diez eta Arnaldo Otegiren askatasuna galdegiteko manifestazioan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Rodriguez, Jacinto eta Zabaleta, iaz Donostian Rafa Diez eta Arnaldo Otegiren askatasuna galdegiteko manifestazioan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, Sortuk gogoratu du zazpi urte bete berri dituen ‘Bateragune’ auziaren ondorioz Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez espetxeratu zituztela.

Haietatik, Diez Usabiagak bakarrik segitzen du preso, El Duesoko kartzelan. Elkartasuna adierazteaz gain, haren askatasuna exijitu du Sortuk.

Alderdi abertzalearen arabera, auzi horrekin «bide orri argia» zuen Gobenu espainiarrak: «ezker abertzaleak independentziarako proiektua soilik bide demokratikoetatik gauzatzeko planteatzen zuen estrategia aldaketa zapuztu nahi izan zuen». Hala ere, azpimarratu dute, «huts egin zuten, ezker abertzaleak bere oinarriekin markatutako bideari jarraitu ziolako».

Sorturen esanetan, PP eta PSOE alderdiek «helburu eta egitasmo berbera» daukate, ezker abertzaleak eta mugimendu subiranistak «martxan jarritako prozesua deusestatzea». «Beldurra diote gatazkaren konponbide demorkatikoari eta eremu orotan oztopoak jartzen ahalegintzen dira: Guardia Zibilarekin, espetxeetan, Entzutegi Nazionalean, Konstituzionalean, errepresioaren bidez...», azaldu dute.

Hori guztia egiten dute, Sorturen aburuz, «gure herriarentzako eskaintza demokratikorik ez dutelako».

«Duela zazpi urte erakutsi genuen moduan –nabarmendu du alderdi abertzaleak– gaur ere berresten dugu: gure iparrorratzak independentzia markatzen du eta euskal herritarren eskutik egingo dugu bidea».

Azkenik, prozesua «zapuzteko» helburua duten erabaki judizial eta errepresiboen bukaera aldarrikatu du Sortuk.

El Duesora bisita

Igande honetan, goizeko 11.00etan, LABeko ordezkaritza baten bisita jasoko du Rafa Diez Usabiaga sindikatu abertzaleko idazkari nagusi ohiak.

Zehazki, Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnika joango dira, idazkari nagusia eta haren ondokoa, hurrenez hurren.