NAIZ
GASTEIZ

Osasunak Alavesi bidalitako 450 sarrerak ordu batean agortu dira

Larunbat honetan Sadarren Osasunak eta Alavesek jokatuko duten derbiari begira, 450 sarrera bidali zizkion talde nafarrak arabarrari, eta ordu bat baino gutxiagoko tartean agortu dira.

Alaves eta Osasunako zaleak elkarrekin, Gasteizen jokatu zen azken derbian. (Jaizki FONTANEDA /  ARGAZKI RPESS)
Alaves eta Osasunako zaleak elkarrekin, Gasteizen jokatu zen azken derbian. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI RPESS)

Alavesek larunbateko derbirako zituen 450 sarrerak ordu bat baino gutxiagoko tartean agortu dira. Sadarren, 18:30ean, izango da partida, eta giro paregabea espero da. Honen adibide izan da hainbatek gaua Mendizorrotzan pasa dutela sarrera bat lortu ahal izateko.

Txartelak 09:00etan jarri dira salgai, eta 10:00ak baino lehen ez zen bakar bat ere geratzen. Asko izan dira sarrera gabe geratu direnak, baina Iruñean egunean bertan erosteko aukera ere izan lezakete.

Gogoratu beharra dago bi taldeek, Realarekin batera, akordio bat sinatu zutela haien arteko euskal derbietan sarrerak 25 eurotan saltzeko.