Galder Pérez

Bilbo-Orexa

Galder Perez
Galder Perez

Errepidea bukatzen den lekuetan dauden herriek xarma berezia izan ohi dute. Are eta gehiago mendian gora, gaueko iluntasunean euripean iristen bazara: lilura itzela da. Pena da gauez paisaia galtzea, baina ilargipean irten ohi gara sorginak paseoan. Horrela joan ginen aurreko asteburuan gure komeriazko kalekumeen sorginkeriak kontatzera, Bilbotik Orexara. Lizartzatik pasatu behar izan genuen, jakina, eta gogora ekarri genuen herri horretako tragedia politikoak nola komedia kabaretero bihurtu genituen aurreko antzezlan batean. Asmatutako pertsonaia biren atzean ezkutatuta egiten genuen hori Edorta Jimenezek idatzitako “Mirande Kabareta” lan satiriko ederrean.

Kasu honetan, geure burua pertsonaia bilakatu dugu. Ane eta Galder agertuko dira taula gainean. Berrogei urte pasatxo duen bilbotar kalekume parea. Euskal Herriko edozein txokotatik ilargi gorriaren bila abiatzeko asmoa eta beharra agertzen dugu, Gabriel Arestik esan zuen bezala, ilargian biziko bagina zoriontsuago izango baikinateke. Espazio-ontzian ihes egiteko desio hau azaltzeko gure haurtzaroari begira jartzen gara; barre artean, asfaltozko gure iraganean arakatzen dugu, gain behera zihoan langileen hiri gris eta marroi baten oroitzapenak agertzen zaizkigu, euskal hiri handi batek bi umeengan tatuatutako min eta desioen irudiak erakutsiz biluzten gara. Horrela egitera joan ginen aurreko astean Orixeren herrira. Orexa 125 biztanle dituen Gipuzkoako herria da. Semafororik ez du eta baserriz inguratuta dago. Frontoia eta eliza herriaren erdian daude, sekulako Idiazabal gazta egiten den herrian.

Antzezlana egin aurretik afaltzera gonbidatu gintuzten. Oso giro ederrean eta primeran afaldu genuen. Emanaldi aurreko afariak aukera ona izan ohi dira herritarrak ezagutu eta lekuaren gaineko kuriositateak argitzeko. Baina kafearekin ikara piztu zitzaigun. Gure belaunaldikoa den orexar batek kontatu zigun Bilbon behin bakarrik egon dela. Ai ene, pentsatu genuen guk. Eta orain kontatu behar diegun hau iritsiko al zaie? Gure erreferentziak hain dira bilbotarrak... Eta herriko amonentzat, orduan, benetako estralurtarrak izango ote gara? Izan ere, bilbotarrok askotan konplexu gehiegi izan ohi dugu gure euskalduntasunarekin. Euskal sustraiak beste nonbait gordetzen direlako mamuak askotan irensten gaitu. Euskal jatorriaren benetakotasuna mendi puntan dagoen baserri batean gordeko balitz bezala eta gurea kopia txarra bailitzan.

Zineman “E.T.” ikusten ari ginen bitartean Orexako neskatoak belarra mozten ari ziren, Euskalduna parean Deustuko zubia sutan ikusten genuen bitartean haiek mendian belarra sikatzen uzten ari ziren eta Plaza Berrian kromoak aldatzen genituen bitartean haiek artoa bildu behar zuten. Baina egiarik handiena da gehiago direla amankomunean ditugun kodeak eta konplizitateak, banatzen gaituztenak baino. Uste baino nabarmenagoa da konpartitzen dugun denbora, kultura eta belaunaldia, galaxia berdinean hutsartean deriban gaude. Ustekabe berberek kolpatu gaituzte eta haize berdintsuak mugitzen ditu hegan egin ezin duten txori eta espazio-ontzien zerua. Oso laburra da gure herria lotzen duen distantzia.