Bata etxean kamuts, eta bestea etxetik kanpo soilik irabazten. Halaxe iritsi dira Alaves eta Espanyol Mendizorrotzan jokatu duten neurketara. Sailkapen nagusian elkarrengandik gertu, pareko neurketa espero zen eta halaxe izan da.
Alavesi utzi dio jokoaren ekimena kanpoko taldeak, eta babazorroek eraso estatikoan aukerak sortzeko dituzten zailtasunak agerian geratu dira berriro ere. Kontraerasoan ez bada, gol aukera gutxi egiten ditu Alavesek, eta halaxe gertatu da gaurkoan ere.
Apenas behartu dute babazorroek Diego Lopez Espanyoleko atezaina, eta txuri-urdinenak izan dira partidako aukerarik garbienak. Reyesek izan du lehena falta jaurtiketa batean, baina langetan jo du baloiak.
Eta neurketako minutu erabakigarrietan sartuta, Marcos Llorentek baloiaren irteeran egin duen huts baten ondorioz penaltia egin du Alexisek. Huts egin du baina Gerard Morenok, nahiz bizpahiru minutu beranduago bere hutsa konpondu eta buruz gola egin duen. Partidako lehena eta azkena.
Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.