NAIZ
DONOSTIA

Arkaitz Agirregabiriak eta Igor Uriartek 24 egun daramatzate zigor ziegetan Villepinten

Igor Uriartek eta Arkaitz Agirregabiriak 24 egun daramatzate mitard edo zigor ziegetan Villepinteko espetxean, Etxeratek salatu duenez. Egoera luzatu egin daitekeela ohartarazi du.

Igor Uriarteren eta Arkaitz Agirregabiriaren senideek Etxerati jakinarazi diotenez, bi presoek azaroaren 18an jaso zuten ziega berean batera instalatzeko agindua. Biek uko egin zioten, ziega bakar batek bi pertsona hartzeko dituen mugak direla-eta, eta mitard-ean sartu zituzten.

Bien egoera aztertu dute diziplina-komisioetan azaroaren 21 eta 28an eta abenduaren 5ean, baina guztietan 8 egunez presoak zigor ziegetan mantentzea erabaki da. Egoera luzatu egin daiteke espetxeak ziega berdina partekatu behar dutela agindu duelako, Etxeratek ohar batean ohartarazi duenez.

Senideen elkarteak salatu duenez, kartzeletako pilaketak sor ditzakeen arazoek are okerragoak egiten dute bizi baldintza, «benetako osasunik gabeko egoerak eraginez». Edozein ekintza egiteko espazio, mugikortasun eta baldintzak falta dira ziegetan, areago partekatu behar dutenean. «Horrek aplikatzen zaien kartzela erregimenarengatik ziegan ordu asko pasa behar dituzten presoei kalte egiten die», euskal preso politikoekin gertatzen den legez.